EROSKI, KONPROMISO ETA KULTURA KOOPERATIBOA
Enpresa kooperatiboa den aldetik, EROSKIko langileek enpresaren kudeaketan parte hartzen dute eta talde-lana baliatzen dute erronkei aurre egin ahal izateko. Ordainsari-elkartasuna, diskriminaziorik eza eta garapen profesionala dira, besteak beste, EROSKIk bere gizataldea kudeatzeko dituen ardatzetako batzuk.
EROSKIren berezitasun nagusia da berau osatzen duten profesionalak, aldi berean, langileak eta jabeak direla: EROSKIko langileetatik 8.989 pertsona bazkide-langile dira (guztien %33) eta, beraz, enpresaren kudeaketa kooperatiboan parte hartzen dute.
Baldintza horren ondorioz, Eroski taldea ez da beste banaketa enpresa batzuk bezalakoa, proiektuarekiko jarrera proaktiboagoa eta konpromiso-maila handiagoa du, erakundearen maila guztietan islatzen dena.
Talde-lanaren bidez, enpresa eta sozietate gisa aurre egin behar izandako erronka guztiak gainditzen jakin dute, eta datozen erronka berriak beren gain hartzeko prest daude.
Kooperatiban egiten duten lanaren funtsezko 10 balioek markatzen dute kultura hori:
1.- Parte-hartzea sustatu.
2.- Garapen pertsonala eta profesionala sustatu, ezagutzak, jarrerak eta trebakuntzak hobetuz.
3.- Kide izatearen sentimendua: EROSKIko kide izateaz harro egon eta hobekuntza arloak baliatu.
4.- Informazioa eta komunikazioa sustatu erakundearen barruan, bi noranzkoetan.
5.- Barne elkartasunari esker, kolektiboa indibidualari nagusitzen zaio, eta epe luzea epe laburrari.
6.- Dinamismoa, aldaketara egokitzeko eta berrikuntza bultzatzeko.
7.- Bezeroa aintzat hartu, haren beharretara egokitzeko eta aurrea hartzeko.
8.- Lan baldintzak etengabe hobetu, bizi-kalitate egokia bermatzeko.
9.- Kanpoko elkartasuna praktikatu, gizarteak ematen diona itzultzeko.
10.- Profesionalizazio-maila gorena lortzeko helburua.
Enpleguari dagokionez, sortzen dituen lanpostuak EROSKIren kudeaketa-ereduaren eta langileekiko, bezeroekiko eta gizartearekiko bere konpromisoaren araberakoak dira eta, horregatik, egonkorrak eta kalitatezkoak izan daitezen ahalegintzen da.
EROSKIk bere gizataldearen kudeaketa ardatz hauetan oinarritzen du:
• Ordainsari-elkartasuna.
• Berdintasuna eta diskriminaziorik eza.
• Kontziliazioa.
• Laneko osasuna eta segurtasuna.
• Garapen profesionala.
• Lan-munduan txertatzea eta gizarte-berrikuntza.
Ordainsari-elkartasunaren printzipioa erakunde osoan aplikatzen da EROSKIn, bere balioekin bat etorriz eta bere kultura korporatiboak egunero jarduteko duen moduarekin lerrokatuz.
Horrek esan nahi du soldata-tarte estua dagoela erantzukizun txikiena duten lanpostuen eta goi-zuzendaritzakoen artean. Horrela, ordainsari handiena duen pertsonak jasotzen duen konpentsazio osoaren eta kooperatibako gainerako langileen konpentsazioaren batezbestekoaren arteko erlazioa 7,86koa da (89,6koa IBEXeko enpresetan 2021ean).
EROSKIren ordainsaria publikoa da, berdintasunezkoa gizonen eta emakumeen artean; lanpostuaren araberakoa da, eta ez beste faktore batzuen araberakoa, hala nola antzinatasuna edo banakako negoziazioa. Gainera, talentua erakarri eta atxikitzea ahalbidetzeko, kanpoko lehiakortasunaren printzipioa aplikatzen da eta ordainsaria sektoreko enpresen maila orokorrenetara egokitzen da.