GARA
TOUR 2024

Evenepoelek iragarpenak bete eta Pogacarrek horiz jarraitu

Zazpigarren etapa irabazita, flandriarra hiru lasterketa handietan garaipenen bat ospatu dutenen zerrendan sartu da. Pogacar liderra izan zen bigarren eta Vingegaard-ekiko aldeak handitu zituen.

Remco Evenepoel, podiumera ateratzear.
Remco Evenepoel, podiumera ateratzear. (Marco BERTORELLO | AFP)

Azken txanpan iritsi zen gatza eta piperra Tourreko zazpigarren etapan, sailkapen orokorreko lehendabiziko txirrindulariak errepidera atera zirenean, hain zuzen ere. Remco Evenepoelek iragarpen guztiak bete zituen, erlojupekoan espezialista handia dela berretsita -munduko txapelduna da-. Bere 15. erlojupekoa irabazi zuen, lehendabiziko etapa Tourrean eta, beraz, hiru lasterketa handietan garaipenen bat ospatu dutenen zerrendan sartu da flandriarra. Egun, Tadej Pogacarri Tourra garaitzeko lehian aurre egin diezaiokeen bakanetakoa da.

Bigarren egin zuen esloveniarrak eta honek berretsi zuen ziklista betea dela, edozein diziplinatan lehen lerroan egoten den horietakoa, alegia. Evenepoelek, sailkapen nagusian bigarrenak, 12 segundo jan bazizkion ere, Vingegaard-ekiko aldeak nabarmen handitu zituen -minutu bat eta 15 segundora dago danimarkarra, hirugarren lekuan-.

Hiru hauek eta Roglic -espezialista handia hau ere, hirugarren denbora onena ezarri zuen, Evenepoelengandik 34 segundora- izan ziren Campenaertsen (Lotto Dstiny) denbora hobetzeko gai izan ziren bakarrak. Irteera lerroan 97. txirrindularia izan zen belgikarra eta helmugan Vauquelin (Arkea) frantziarraren denbora hobetu zuen, soilik 76 ehunenengatik.

AZKEN MUGARRIAN

Azken 5,4 kilometroetan atzetik aurrera egin zuen belgikarrak, Vauquelinek egindako denbora ozta-ozta hobetzeko. Erreakzio handia izan zen eta hori berretsi zen Kung, Healy edo Jorgenssonekin. Hirurek, Campenaertsek baino denbora hobea markatu zuten hirugarren mugarrian, baina denbora galdu zuten azken kilometroetan.

Denbora galdu ez eta une oro tarteak atera zituztenak aipatu sailkapen nagusiko lehen lau sailkatuak izan ziren. Evenepoelek hasiera-hasieratik erakutsi zuen indartsu zegoela, mugarri bakoitzean aurkariekiko tarteak irekita. Azken denbora kontrolean Pogacar sei segundora jarri zen, baina ezin izan zuen guztiz denbora murriztu. Evenepoelek tarte apur bat jan dio sailkapen nagusian (33 segundora jarrita) baina, era berean, gainontzekoekiko aldeak nabarmen handitu zituen esloveniarrak.