Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
Interview
USOA OSTOLAZA
Laboral Kutxako txirrindularia

«Ilusio handiarekin goaz Girora, hanka onekin ere bai»

Estreinakoz korrituko du Laboral Kutxak Italiako Giroa, baita Ostolazak ere. Ekainean egin du eztanda zarauztarrak Pirinioetako Tourrean bere lehen garaipen profesionala Aubisqueko etapan eskuratuta, eta Espainiako Txapelketan gailenduta. Igande honetan ekingo diote Giroari, erlojuaren aurka. Zortzi etapa izango dituzte guztira.

(SPRINT CYLCING | EUSKALTEL FUNDAZIOA)

 

Azken aste hauek mugituak izan dira Usoa Ostolaza (Zarautz, 1998) Laboral Kutxako txirrindulariarentzat, baina gogoko bidean aldaparik ez. Lan «gogorra» egin arren, emaitzak ez dira «beti iristen», baina oraingo honetan, jo dute kolpea mahai gainean; hirukoitza, gainera. Yurani Blancok lortu zuen Laboral Kutxaren lehen garaipena Eibarren, eta ekainean iritsi da zarauztarraren garaipen bikoitza; bata Pirinioetako Tourreko Aubisqueko etapan, eta bestea, berriz, errepideko Espainiako Txapelketan. Italiako Girora «ilusio handiarekin» doaz. Talde «sendoa» dutela adierazi arren, uste du orain «errealitatea» ez dela Giroan edo Tourrean garaipen bat lortzea.

Azkenaldian oso emaitza onak lortu dituzue.

Bai, talde dinamika on batean sartzen ari gara. Beti ez dira emaitza onak etortzen, nahiz eta lan gogorra egin. Baina azkenaldian pozik gaude lortzen ari garen emaitzekin, eta urte hasieratik orain arte ere, taldeak pixkanaka hobera egin du, nork bere burua ere hobeto ikusten du. Gehiago ezagutzen dugu elkar, eta horren isla da talde-lan hobea egiten dugula. Pixkanaka gure lekua bilatzen ari gara tropelean.

Taldearen helburua irabaztea zen, eta lortu zenuten.

Zaila da beti garaipena lortzea. Hala ere, kirolari orok amesten dugu garaipenarekin. Gose hori eduki egin behar da, eta Espainiako Txapelketan hori zen gure helburua. Helburu erreal bat zen irabaztea, eta nik pertsonalki zail ikusten nuen xede hori lortzea; ez zen ezinezkoa, noski, baina azken urteetan Mavi Garcia izan da Espainiako txapelduna, eta azkenaldian erakutsi du oso indartsu dagoela. Gure abantaila zen talde sendo bat genuela, eta, talde lan on batekin, betiere bidea errazten da garaipena lortzeko. Dena ondo atera zen larunbat horretan. Besoak altxatzea lortu genuen, eta ikaragarri pozik geratu ginen egindako lanarekin, eta nire kasuan, bai Pirinioetako garaipenarekin, baita Espainiako Txapelketarekin ere.

Mavi Garciak erasoa jo zuenean, zer pentsatu zenuen?

Aubisqueko Pirinioetako etapan irabazi nuenean ere, pixka bat estrategia berdina izan zen. Egia da ez duela zerikusirik Espainiako Txapelketan bi kilometro falta zirelako helmugarako. Aubisque, berriz, mendate luze eta gogor bat da. Baina askotan kostatzen zait hasierako abiatze horretan, saiatzen naiz pixka bat burua hotz edukitzen, eta pixka bat indarrak neurtzen. Ikusten dudanean zenbat falta den, begiratzen dut gutxi gorabehera zenbat wattiotan noan eta nire indarrak neurtzen saiatzen naiz. Espainiako Txapelketan Mavik [Garciak] metro batzuk hartu zituen, baina gero indar horiek neurtzen joan nintzen. Ikusten nuen Yurani Blanco taldekidea aurretik zegoela, eta Maviren helburua zela Yurani lehenbailehen pasatzea bere garaipena ziurtatzeko. Orduan, saiatu nintzen indarrak ondo neurtzen, eta azkenean ondo atera zitzaidan. Beti ez da ondo ateratzen [barrez], baina nork bere burua ondo ezagutu behar du, eta horren baitan estrategia pentsatu.

Ez da arrotza zu atzetik aurrera egiten ikustea.

Nire gorputza ezagutzen ari naiz denboran aurrera joan ahala, eta ohartu naiz beti gutxitik gehiagora joaten naizela. Horrela neurtzen ditut ondo nire indarrak. Aubisquen kasuan bezala, mendate luze baten aurrean, jendea agian azkarregi hasten da, bakoitzak bere estrategia du, baina normalean ez zait pasatzen hasieran gehiegi eman eta gero indarrik gabe geratzea. Hala ere, batzuetan gehiegi gordetzen ditut indarrak, helmugara iristen zarenean konturatzen zara gehiegi gorde duzula batzuetan. Pixka bat “diesel” naiz, baina abiadura puntua ere badut.

Sasoi bete-betean zaude?

Bai, azkenaldian sentsazio onak izaten ari naiz. Azken entrenamendu hauetan ondo sentitu naiz, baina gero ikusi behar Giroan nola dauden hankak. Baina oraingoz itxura ona hartzen diot Giroari, bai pertsonalki, baita talde bezala ere. Talde sendoa dugu. Saiatuko gara Ane Santestebanekin sailkapen orokor polit bat egiten, eta ahalik gehien elkar laguntzen. Talde bezala lehen aldiz egongo gara bertan, baita Tourrean ere abuztuan, eta ilusio handiarekin goaz, eta hanka onekin ere bai.

Ezta ametsik gozoenean ere ez zenuen amestuko Giroan korritzea.

Egia esan ez. Orain dela lau urte hasi nintzenean txirrindularitza probatzen, eta Laboral Kutxa taldean hasi nintzenean, nire momentuko helburua ez zen txirrindularia izatea, oraindik triatloiarekin ari bainintzen uztartzen. Eta orain benetan txirrindulari sentitzen naiz, eta ilusioz eta gogoz nago ikusteko txirrindularitzak zer emango didan datozen urteetan. Iaz bai, nire ametsa zen Giroan edo Tourrean egotea, eta azkenean lortu dugu. Taldeak bi gonbidapen lortu ditu bi lasterketa garrantzitsu horietarako. Gonbidapen horiek lortuta, orain guri tokatzen zaigu erakustea merezi genuela gonbidapen hori, eta prest gaudela bi lasterketa on egiteko.

Beharbada taldean hutsunerik nabariena Blanco da?

Yuraniren asmoa gehiago da Tourra prestatzea. Saiatzen gara lasterketetan taldekideak aldatzen, eta Yuraniren kasuan nahiago zuen Tourrera begira jarri. Gainera, oso egoera onean dago Yurani, erakutsi du azken lasterketetan zein ondo dagoen, baina azkenean lasterketa asko ditugu. Santesteban eta biok bi lasterketak egingo ditugu. Baina Yuranik etxean gogor entrenatuko du eta Tourrera begira jarriko da.

Zein helburu izango duzu?

Anerekin saiatuko gara sailkapen orokorrean postu on bat lortzen. Hala ere, uste dut taldea sendo dagoela, eta talde polita daramagula Aneri horretan laguntzeko, bere babes moduan egoteko. Nire kasuan, Aneri ahal den guztian laguntzen saiatuko naiz, eta azken aldiko sentsazioak izaten berriz ere Giroan. Horrez gain, lehen aldia izango denez lasterketan, gozatu ere egingo dugu horrelako lasterketa garrantzitsu eta berezi batez.

Zein etapa gustatzen zaizu gehien?

Zalantzarik gabe zazpigarrena, gogorrena dela iruditzen zait. Desnibel askoko etapa da, bi mendate gogor dauzka, eta niri horrelako etapak gustatzen zaizkit gehien. Orokorrean etapa luzeak gustatzen zaizkit, baina batez ere zailtasuna dutenak. Desnibel askoko etapak, eta mendate luzeak dira gehienbat gustatzen zaizkidanak.

Garaipenarekin amestu daiteke edo maila oso altua da?

Amesteko beti dago aukera, eta ona da horrekin amestea, baina uste dut ez dela orain errealitatea Giro batean edo Tourrean garaipena lortzea. Saiatuko gara eta amestuko dugu horrekin, baina maila handia aurkituko dugu, bai Giroan, bai Tourrean, gehienbat azken horretan. Mundu mailako txirrindulari onenak egongo dira. Hala ere, talde sendoa dugu, eta zerbait polita egin dezakegu. Saiatuko gara etaparen bat irabazten, eta sailkapen orokorrean aurrean ikusten gure burua, baina maila handia egongo da. Aurten ez bada etortzen, ea datorren urtean etortzen den garaipena [barrez].