GARA
IRUÑEA

Uztailaren 6a ez da Txupinazo bakarreko eguna Iruñean

Udal plazako ospakizunak bereganatzen ditu begirada guztiak, normala den bezala, baina badira Iruñean sanferminak hasteko beste Txupinazo batzuk ere. Nafarroa Oinez-ek Takoneran botatzen du suziria, aniztasunaren aldeko ospakizuna Antoniuttin hasten da, eta Herri Sanferminek O plazan daukate abiapuntua. Karmen kalean, gainera, preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko brindisa egin zen, urtero bezala.

Preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko brindisa egin zen Karmen kalean, urtero lez.
Preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko brindisa egin zen Karmen kalean, urtero lez. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jaiak hasteko modu asko daude. Udal plazako Txupinazo handiak hartzen du gaur egun protagonismoa, baina gogoratu beharra dago ez dela hain ohitura zaharra. XX. mendearen lehenengo erdian suziria Gazteluko plazatik botatzen zen, esaterako. Gaur egun, badaude sanferminei ongi etorria emateko beste aukera batzuk ere, udaletxe masifi- katuaz harago.

Ohi den bezala, Nafarroa Oinez-en gunean 12.00etan entzun zen etxafuegoa. Urtero ekimen, elkarte edo pertsona bati propio egiten diote enkargua, eta aurtengoan, Laba guneko kideak izan ziren omenduak. Haien esku geratu zen mukiari su ematea.

Ordu erdi beranduago, aniztasunaren alde lan egiten duten ekimen desberdinek Antoniuttin daukaten espazioan entzun zen suziria. Aurten, Joseba Asironen alkatetzarekin, hiriko solairu noblera itzuli dira, UPNk Arrotxapeara bidali izan eta gero. Txupinazoa egin zuten O plazan Herri Sanferminek daukaten txosnagunean ere.

Suziririk gabe, topa egin zuten, urtero lez, Karmen kalean, ere, euskal preso politiko eta iheslarien etxeratzea eskatu eta haien senideei elkartasuna adierazteko. «Gatazka luze eta gogor baten ondorio guztiei konponbidea emateko garaia» dela aldarrikatu zuten.