GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Beste asteburu biribil batek Urdaibairen eta Arraun-en anbizioa hauspotu du

«Bou Bizkaia»-k zein «Lugañene»-k atzo, Zierbenan, beste garaipen bat poltsikoratuta, orain arte jokatu diren estropada ofizial guztiak berenganatu dituzte. Hondarribiak, bestalde, aurreko asteetako arantza apur bat askatu zuen, bigarren postua lortuta.

Urdaibaiko eskifaia, XLI. Petronor Bandera poltsikoratuta, lehorrerako bidean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bolada ona noiz amaituko ote den; horixe izan daiteke lau estropada jokatu diren honetan gatza eta piperra izan dezakeen eragiketa bakarra. Beste asteburu biribil bat osatu zuten Urdaibaik eta Arraun Lagunak-ek, “Lugañene”-ko patroi Andrea Astudillok bere jaioterrian astindu duen lehendabiziko trapuarekin. Joan den urtean segundo bakar batengatik ihes egin zien garaipenak Zierbenako uretan, Larreak ongi gogoratu zuen legez, eta, beraz, motibazio horrekin aritu ziren IV. Edinor Bandera poltsikoratzeko.

Lehendabiziko aldiz menderatu zuen Zierbenako estropada eremua Arraun Lagunakek; bada, kontrara, bertan seigarren garaipena eskuratu zuen Urdaibaik, bigarrena erreskadan. Honekin, bermeotarrek ere ligako laugarren bandera astindu dute, aurkaririk ez dutela erakutsita. Atzo, behintzat, Oriok zein Hondarribiak apur bat itxuratu zuten estropada, “Bou Bizkaia”-ri nerbio apur bat sorraraziz, Aranberrik berretsi zuenez.

Lehen ziabogaren maniobraren ostean, Oriok aurrea hartu zion, bi segundoko errenta aterata, baina ezerezean geratu zen abantaila hori, olatu txiki baina luzea ederki surfeatu baitzuten Iker Zabalaren gizonek, bat-batean bost segundo aurretik kokatuta. Barneko ziabogan apenas izan zuen arazorik eta brankan aldeak handitzen hasi zen Urdaibai, «piñoi finkoan» arraun eginez. «Pista azkarra da, baina gogorra. Piñoi finkoan joan beharra zegoen kanpoaldera, barruranzkoan olatu apur bat zegoelako», azaldu zuen Zarauzko patroi trebeak.

Hain zuzen ere, itsasoaren trikimailuak ongi ulerturik -nahiz eta portu barnealdean jokatu estropada, olatu txiki eta luzeak sortzen ziren- Hondarribiak poparean ezustekoa eman zuen, “Bou Bizkaia”-rengandik traineru bakar batera jarrita; hiru segundora, alegia. Aranberrik onartu zuen horrek apur bat tentuz aritzea eragin ziela, baina jakin zutela Hondarribiak berak harturiko olatua aprobetxatzen. Azkenerako, betiko gidoia, Urdaibai txapeldun, hurrengo aurkaria 8 segundora utzita.

Donostiarrak, bigarren txanda irabazita, azken asteetako arantza atera zuen eta Cabok eta Kaikuk, lehen txandan arituta, zazpi eta zortzigarren bukatu zuten, hurrenez hurren. Lekittarrak egun makurra izan zuen.

HASI ETA BUKA

Urdaibaik zerbait sufritu zuen; Arraun Lagunakek, ordea, ez zuen garaipena arriskuan ikusi. Aurreneko tenkadan bi segundo atera zien aurkariei eta bostera handitu zituen aldeak ziabogan. Mar Larrea arraunlariak esan zuenez, kanpoalderantz aldeak irekitzeko xedea zuten, «poparean motorra piztu eta disfrutatzeko». Oraindik hamabi banderen lehia geratzen bada ere, anbizio handiagoko helburuak azaleratzeko ordua ere izan daiteke “Lugañene” ontziarentzat.

Gatza eta piperra bigarren posturako lehian egon zen, hiru ontziak segundo bateko aldearekin helmugaratu baitziren: Tolosaldea, Orio eta Donostiarra, lehen txandakoak baino urrats bat gorago daudela berretsita. Hondarribiak irabazi zuen lehen txanda.