Edo
Igandeko pasea Ikerrekin hasi nuen atzo. Eskuetan periodikoa hartu eta ti-tau eman nion gainbegiratua; hala selekzionatzen dut geroxeago leituko dudana. Onddo nuklearraren kontuak piztu zidan interesa. Eñautek erraten dit udan zernahi artikulu idazten dela egunkarietan, gai aldrebesak, arraroak. Oraino ez dut bi adjektibo horien nondik norakoa harrapatu. Enekok, aldiz, maite du udakoa, meheagoa, orri gutxiagokoa omen da leitzekoa, eta idatziak arinagoak. Horra nire bi lagunen iritzia zuenarekin kontrastatzeko. Ikerrena gustatu zitzaidan, askotan asmatzen du zer pentsatua sortzen. Ojibak, misilak, Kongo, «corto alcance» ohiko ez ditudan hitzak ene alarma pribatua pizteko. Igandeetan izaten ditut Espainiako eta Frantziako kazeta zonbait eta «Tour Eiffel» handiaren tamainako asteroide bat lurretik gertu pasako dela leitu nuen gazteleraz, Errusiako emergentzia zentroak iragarri duela kontua, eta 30 aldiz gainditzen duela Tsar bonbaren potentzia, nehoiz lehertu den arma nuklear handiena. «Joño» erran nion nire buruari, «datu hauek irakurriak ditut frantsesez urte batzuk lehenago…». Beraz, ez dakit asteroidearena ez ote dabilen mundua bezala, biraka. Baina lasai, bost urte barru izango dela, xantza pixka batekin begi soilez ikusiko dugu, onddo nuklearrak akabatzen ez bagaitu lehenago. Edo sanferminetako parrandak.