Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
EL BUS DE LA VIDA

Gai sakona, era konbentzionalegian jorratua

Ibon Cormenzanaren film luze berri honen helburua zerbait hunkigarria, bitalista, positiboa eta oso atsegina egitea bazen, sobera lortzen du helburu hori; zuk behar duzuna hori bada, “feel good movie” tankerako zerbait alegia, bi aldiz pentsatu gabe murgildu zaitez film honetan. Hortik aurrera ez pentsa gehiago topatuko duzunik.

Zoragarria da tonu honetan minbiziari buruz hitz egiten duen film bat egitea, baina sakontasuna, originaltasuna eta mamia falta zaio. Obra zinematografiko gisa hutsala iruditu zait, lehen segundotik aurreikus daitekeen gidoi sinpleegia oinarri duena, tolesturarik gabea. Ez dago bigarren irakurketetarako tarterik eta ikusleari guztia murtxikatuta ematen zaio, pentsatzeko gaitasunik izango ez bagenu bezala. Pertsonaiak, oso estereotipatuak, euren artean sortzen diren harremanak eta istorioak ez zaizkit batere sinesgarriak iruditu. Trama erromantiko eta musikalarekin narraziotik erabat at geratu naiz; aspertu egin naiz eta zenbait unetan telefilm kaskarren kiratsa dario.

EUSKARAREN PRESENTZIA EZA.

Urduña eta Basurtu artean girotua dago filma eta, honi lotuta, aparteko aipamena egin nahi diot hizkuntzaren kontuari. Pozgarria da Elena Irureta edota Amancay Gaztañaga euskal aktoreak pantailan ikustea baina, bizpahiru «agur» salbu, horien ahotik euskaraz hitz bakar bat ez entzutea tristagarria iruditu zait. Azkenaldian gertatzen ari den moduan -“Nina” edota “Cinco lobitos”-en kasuetan, adibidez- euskararen presentzia hutsalak min ematen du. Horietan guztietan, eta “El Bus de La Vida”-ren kasuan berdin, kokalekuak, pertsonaiak eta beren arteko harremanak hainbesteko garrantzia izanik, hizkuntzari -kasu honetan euskarari- honelako mespretxua egiteak amorru handia ematen dit.

Helburu komertzialak sinesgarritasunaren eta koherentziaren aurretik jartzen dituzte beti. Lastima.