GARA Euskal Herriko egunkaria

Inflazioaren azken joerei eutsiz gero tasak jaistea aurreikusten da

AEBetako Erreserba Federaleko presidente Jerome Powellek azken hilabeteetako datuen berri eman zuen atzo. Inflazioaren aurrerapauso eta datu onak txalotu, eta joera horri eutsiz gero interes tasak noiz jaitsiko diren aztertu ahalko dela gehitu zuen, ikuspegi baikorrez.

Jerome Powell, Fed-eko presidentea, atzo, datuak eman zituen aurkezpenean. (Chris KLEPONIS | AFP)

Jerome Powell AEBetako Erreserba Federaleko (Fed) presidenteak inflazioari buruzko azken datuekin pozik agertu zen atzo, eta joera on horrek jarraitzen badu interes tasak noiz jaitsiko diren argiago ikusiko dela adierazi zuen.

«Inflazioaren irakurketa berrienek aurrerapen apalak erakutsi dituzte, eta datu on gehiagok inflazioa %2rantz modu iraunkorrean mugitzen ari den hipotesia indartuko lukete», adierazi zuen Fed-eko presidenteak atzo bertan Senatuko bankuen batzordearen aurrean egindako agerraldian.

Powellek azpimarratu zuen Erreserba Federalak ez duela uste interes tasak murriztea «egokia» denik, «inflazioa %2rantz modu jasangarrian mugitzen ari dela baieztatu arte». Aurrerapen txikiak badatozela zehaztu zuen: «Aurtengo lehen hiruhilekorako bildutako datuek ez zuten balantze positiboaren itxurarik. Hala ere, inflazioaren irakurketa berrienek aurrerapen txiki batzuk erakutsi dituzte».

Maiatzean, ezagutzen diren azken datuetan alegia, inflazioa hamarren bat jaitsi zen, %3,3raino, eta aste honetan ezagutuko dira ekaineko datuak. «Bileraz bilera erabakiak hartzen jarraitzen dugu. Badakigu politiken moderazioa azkarregi edo gehiegi murrizteak inflazioaren arloan ikusi dugun aurrerabidea geldiaraztea edo iraultzea ekar lezakeela», gaineratu zuen Jerome Powellek.

AEBetako banku zentraleko presidenteak atzo aurkeztu zuen joan den ostiralean aurreraturiko sei hilean behineko politikari buruzko txostena, eta bertan Fedek adierazi zuen oraindik ez duela interes tasen jaitsierak ezartzen hasteko konfiantza nahikorik, nahiz eta panorama aldekoa den inflazioaren azken beherakadei eta lan merkatu orekatuagoari esker.

AURREIKUSPEN POSITIBOAK

Epe luzerako inflazio itxaropenak, Fedek dioenez, «pandemiaren aurreko hamarkadan ikusitako balioen tartearen barruan daude eta, oro har, sendoak izaten jarraitzen dute», epe luzeagora %2ra iristeko helburuarekin. Lan merkatuari dagokionez, Fedek gertutik ikusten duen beste adierazleetako bat hilabete hauetako enpleguaren hazkundea da. «Handia izan da eta langabezia tasak txikia izaten jarraitzen du», nabarmendu zuen.

EUROA 1,0816 DOLARRERA JAITSI

Powellek datu onak iristen jarraituz gero tasak jaisten noiz hasiko diren argiago ikusiko dela aztertu ondoren, euroari nola eragingo dion jakin zen. Moneta bakarra 1,0816 dolarretan kotizatzen ari zen atzoko 15.00etan, aurreko eguneko 1,0835 dolarren azpitik. Bestalde, Europako Banku Zentralak 1,0814 dolarreko truke tasa ezarri zuen.