JUL. 12 2024 BOILING POINT Estresagarria eta larrigarria G.I. HERNANI Izen bereko 2021eko filmaren jarraipena da, lau ataleko miniserie formatuan. Jatorrizko pelikula, Stephen Graham-en antzezpen lan bikaina buru dela, 92 minutu irauten duen plano sekuentzia bakar batean grabaturiko film itogarria da; denbora errealean Londresko modako jatetxe bateko gau bakar bat erakusten du. Jendez gainezka dagoen jatetxe horretan barneratuko gara, eta kamerak, Andy Jones (Stephen Graham) sukaldariburuari jarraituko dio bereziki; guztia pikutara bidal dezakeen krisi pertsonal eta profesional baten erdian aurkitzen da. Bada, film horren amaieratik abiatuz, BBC kateak “Boiling Point” miniseriea estreinatu berri du eta jatorrizko aktoreak eta lantaldea mantendu dituzte. Filma nola amaitzen den ez dizuet esango, baina telesaila sei hilabete beranduago girotuta dago, eta Carly-ren pertsonaiari (Vinette Robinson) pisu handiago eman diote; bere jatetxe propioa ireki du. Sukalde horretatik kanpo paseatzera ere aterako gaitu kamerak, eta bizitza pertsonaletan sakonki murgilduko gara. Buruko gaixotasuna, antsietatea eta alkoholismoa, gai horiek agerian geratuko dira.