GARA Euskal Herriko egunkaria
GAZTEEN JOERAK INTERNETEN

Nerabeen %37k Interneten erabilera mugatzeko neurriak saihesten dakite

Save the Children erakundeak Estatu espainiarreko haur eta nerabeen Interneten erabilera aztertu du. Hainbat datu nabarmendu daitezke argitaratu berri duen txostenetik; adibidez, 14 eta 17 urte arteko gazteen %90 hainbat aldiz konektatzen dira egunean, eta erdiek baino gehiagok «usu» erabili dute Internet 11 urtetik aurrera.

Gazte bat bere mugikorrari begira, Gasteizen, artxiboko irudi batean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Estatu espainiarreko nerabeen %90 egunean hainbat aldiz konektatzen dira Internetera eta %38k soilik jaso dituzte sarean aurki ditzaketen arriskuen inguruko azalpenak, Save the Children erakundeak atzo argitaratu zuen azterketaren arabera. Gainera, txostenak nabarmentzen du nerabeen %37ek badakitela nola ekidin gailu teknologikoetako kontrol neurriak.

Gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean azaldu zuen #DerechosSinConexión [#KonexiorikGabekoEskubideak] izeneko kanpainaren bidez ondu duen txostenaren helburua dela haur eta nerabeen eskubideak ingurune digitalarekin nola lotzen diren ulertzea, baita eremu horretan edozein indarkeria motaren aurrean babestuta daudela bermatzea ere. Hala, Internet eta sare sozialak nola, zergatik eta zertarako erabiltzen dituzten aztertzen du dokumentuak eta, horretarako Estatu espainiarreko 14 eta 17 urte arteko 3.315 nerabe galdekatu ditu, tartean, Hego Euskal Herriko 571.

Ikerketak dioenez, hamar nerabetik bederatzi hainbat aldiz konektatzen da Internetera egunean, eta haurren erdiek baino gehiagok (%58) 11 urtetik aurrera «usu» erabiltzen du. Gainera, ia hiru haurretatik batek hamar urte bete aurretik hasten du Interneten ohiko erabilera.

Baina zenbat denbora ematen dute konektatuta? Adinean gora egin ahala, denbora gehiago pasatzen dute Interneten: 14 urtekoen artean %12k ematen dituzte konektatuta egunean lau ordu baino gehiago, eta 16 urtekoen kasuan, %21era igotzen da portzentajea. Gainera, txostenak iradokitzen du Internet goiz erabiltzen hasi diren haurrak direla gero, nerabezaroan, konektatuta denbora gehien pasatzen dutenak: Interneten egunean lau ordutik gora pasatzen dituzten nerabeen %25 10 urte baino gutxiagorekin hasi ziren erabiltzen; %12,9k, aldiz, 14 urte edo gehiagorekin hasi zuten ohiko erabilera.

Egunero lau ordutik gora konektatuta egoteak gehiegizkoa dirudien arren, haur eta nerabeen %40k «normaltzat» hartzen dute Interneten erabilera hori, nahiz eta %20k aitortzen duen nahiko lukeena baino denbora gehiago eskaintzen diola sareari.

Noski, konektatuta pasatzen duten denboran beste gauza asko uzten dituzte alde batera. %27,3k adierazi dute irakurketari kentzen diotela denbora, %30ek ikasketei, %20ek loari eta %17,3k familiarekin egoteko uneei. Badira beste gauza batzuk, egiteari utzi baino, Interneten bidez egiten dituztenak; adibidez, lagunekin denbora pasatzea. Are gehiago, batzuek agertu dute ingurune digitalak lagun berriak egiten lagundu diela, edo harremanak mantentzen.

Erabilerei dagokienez, batez ere, sare sozialetan sartzeko (%80,5), komunikatzeko (%77) eta telesailak edo filmak ikusteko (%47,6) erabiltzen dute Internet haur eta nerabeek. Neskek gehiago erabiltzen dute sarea informatzeko, erosteko, komunikatzeko, sare sozialetan sartzeko edo telesailak eta filmak ikusteko; mutilek, berriz, eduki gehiago sortzen dituzte, eta helbururik gabe nabigatzen dute, nahiz eta alderik handiena online jokoetan dagoen: mutilen ia %62,4k erabiltzen dituzte; nesken artean, berriz, %8,8k.

«Haurrek eta nerabeek, helduek bezala, ezin dute bereizi beren Interneteko identitatea bizitza errealean eraikitzen dutenarengandik. Mundu digitalak haurren eskubideak gauzatzeko aukerak eskaintzen ditu, hala nola hezkuntzarako eskubidea, informatzeko eskubidea, adierazpen askatasuna edo elkartzeko eskubidea. Hala ere, badakigu konektatuta daudenean arriskuak hartzen dituztela, eta, beraz, ezinbestekoa da problematika horri heltzea ikuspegi posible guztiak kontuan hartuta», adierazi zuen Andres Conde Save the Childreneko zuzendariak oharrean.

TOPA DITZAKETEN ARRISKUAK

Save the Children-en arabera, eduki pornografikoa eskura izatea da haur eta gazteek Interneten topatzen duten arrisku garrantzitsuenetako bat: 10 nerabetik 6k eduki mota hori topatu dute bilatu gabe.

«Beraien garapenerako ondorio negatiboak izan ditzake horrek, sexu harremanen pertzepzio patriarkala txertatzen baita haiengan, emakumeen kontrako indarkeria erotizatzeraino iristen den modeloa. Ondorio hauek larritu egiten dira jarrera horiek praktikan jartzen dituztenean», ohartarazi zuen Condek.

Ez da, baina, sarean topatzen duten «arrisku» bakarra. Pertsona ezezagunekin kontaktua egiteko gaitasuna izatea ere arrisku faktoretzat du Save the Childrenek, eta %23k baieztatzen dute kontaktatuko luketela ezezagun batekin. Gainera, ingurune digitalean hainbat indarkeria mota erreproduzitzen dira, eta horietako askok eragin zuzena izan dezakete haur eta gazteengan; adibidez, jazarpenak, genero indarkeriak eta umeen kontrako sexu abusuak.

Ildo horretatik, hiru nerabetik batek uste du eduki sexualeko argazkiak bidaltzeak ez lukeela izan beharko delitua. Mutilen artean %40k pentsatzen dute horrela; nesken artean %26k.

Era berean, %43k ez dute uste gorroto mezuak bidaltzea zigortu beharko litzatekeenik, edo bederen ez dago seguru, eta kasu honetan ere handiagoa da iritzi hori duten mutilen portzentajea (%50) neskena baino (%37).

Garrantzitsua da nabarmentzea, halaber, lau nerabetik batek ez lukeela jakingo nola edo non salatu Interneten gertatzen diren indarkeria kasuak. «Nahiz eta gehienek jarrera jakin batzuk delitu gisa identifikatzen dituzten, kezkagarria da askok ez dituztela hala antzematen, berdin pentsatzen badute ez direla delituak, ez liratekeela izan beharko, edo ez dakitelako. Indarkeriarengandik babesteko lehenengo urratsa identifikatzen jakitea da», adierazi zuen Save the Childreneko zuzendariak.

KONTROL NEURRIAK

Interneten topa daitezkeen arrisku horien beldur, ohikoa da gurasoek zenbait estrategia erabiltzea, seme-alaben Interneteko erabilera mugatzea edo kontrolatzea helburu. Gehienek (%38) Interneten arriskuen inguruan ohartarazten dituzte haurrak, %30ek mugatu egiten diete konektatuta egoteko denbora, %25ek balizko arriskuei aurre egiten laguntzen diete eta %23k beren seme-alaben sare sozialetako profilak jarraitzen dituzte.

Halaber, familien erdiek beren seme-alabekin adosten dituzte kontrolerako edo ikuskapenerako neurriak. Hala ere, ez dira beti eraginkorrak: nerabeen %37k baieztatu dute badakitela nola ekidin kontrol neurri horiek, eta hala egiten dute %30ek.

Bestalde, txostenaren arabera, ordu kopurua mugatzerakoan salbu, neskei kontrol neurri gehiago ezartzen zaizkie eta azalpen gehiago jasotzen dituzte Interneteko arriskuen inguruan.

«Desberdintasun hau mundu fisikoan ere ikus dezakegu -azaltzen du ikerketak-. Neskei ‘kontuz ibiltzen’ erakusten diegu, etxera bakarrik ez itzultzen, kale ilunetatik ez pasatzen eta edaria kontrolatzen. Hau da, mundu fisikoan bezala, digitalean ere esfortzu gehiago egiten da neskek beren burua babesten ikas dezaten, agian ulertzen dugulako beraiek arrisku gehiagori aurre egin behar dietela, edo gerta dakiekeenaren arduradun egiten ditugulako».

LEHENTASUNA, PREBENTZIOA

Save the Childrenek, martxan duen #DerechosSinConexión kanpainarekin, nabarmendu nahi du haur eta nerabeak Interneten ere hezten eta garatzen direla eta, hortaz, haientzako leku segurua izan behar duela. Horretarako, erakundeak Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Babesteko Lege Organikoak jasotzen dituen neurri guztiak aplikatzea eskatzen du, ingurune digitalean haurrei ingurune seguruak eskaintzeko eta, aldi berean, haien eskubide guztiak betetzen direla bermatzeko.

Bestalde, GKEaren ustez, lehentasunezkoa izan beharko litzateke «Interneteko eduki arriskutsuetarako sarbidea eta indarkeria prebenitzeko mekanismoak» aktibatzea. Hau, erakundearen ustez, administrazio publikoak eta Interneteko plataformek elkarlanean egin beharko lukete, azken hauen betebeharra baita adin txikikoei eduki jakin batzuetarako sarbidea galaraztea.

Arriskuak prebenitzeko beste era bat, Save the Childrenek nabarmentzen duenez, hezkuntza afektibo-sexuala nahiz genero- eta aniztasun-berdintasuna sustatzea da, etapa bakoitzari egokitua, haurrek txikitatik ikas dezaten harreman osasuntsuagoak eta berdinagoak izaten, baita ingurune digitalean ere.

«Haurrei etxetik ateratzea debekatzen ez diegun bezala, arriskuak egonda ere, ezin diegu aitzakia horrekin Interneterako sarbidea debekatu. Sarean pixkanaka eta adin bakoitzari egokituta sartu behar da, adituen gomendioei jarraituz. Helduok lagundu egin behar diegu erabilera horretan, beren burua babesten eta Interneten jokatzen, eta jarraibideak eman behar dizkiegu herritar digital errespetuzkoak izan daitezen», agertu zuen Save the Childrenek atzo argitaratutako oharrean.