Bestaren errepublikan, haurrak errege Lapurdiko hiriburuan
Bestazale gazteei eskainitako egunean giro bikaina sumatu zen Baionan. Bestalde, aurten lehen aldiz, entsegu berezia eman zuten plantan. Herri giroa bultzatu nahirik, baita animazioan jarduten duten talde eta elkarteen lanari zor zaion begirunea agertzeko ere, kalean ezartzen dituzten bozgorailuak isilarazteko agindua jaso zuten ostatuek, egunean ospakizuna lasaiagoa izan dadin. Karrikaldia haur zein adinekoentzat alternatiba bilakatu zen.
Goizeko 8.30ean abiatu ziren animazioak, atzo, Baiona Ttipitik gertu dagoen Mousserolles auzoko atean “Mouss’Roll” animazioarekin.
Iaz estreinakoz, Mousserollesen bizi diren auzoen bultzadapean, gune berria eskuratu zuten Baionako bestek. Aurten, bigarrenez, egunean zehar topagune lasaia eskainiko zaie bertan bestazaleei.
Behin musika eta dantzarekin gorputzari lehen astindua eman ondoren, prest ziren Baionako gaztetxoak eguerdira bitartean egin beharreko ibilbideari ekiteko.
Txokolatearen hiriburuan, Betisoak peñak eskainitako edari gozoak botere magikoak ditu, omen; haurrek sasoian direla erakutsi zuten 11.00ak aldera hasi zen entzierro ttipiaren karietara.
Baiona Ttipiko kale estuetan bereziki lasterraldi ausart batzuk ikusi baziren ere, nehor ez zen zauritu, zorionez. Zezenak bihurriak zirenez, izu aurpegi bat edo beste ikusteko parada izan zen, ordea.
Besteak peñak ez zuen, bestalde, kale egin eta buruhandien eta danborradaren desfilea garatu zuen Jakes Portes eta Askatasun plaza artean. Zapi urdina lepoan, serioski hartu zuten lana danbor-joleek.
Giro paregabean, txiki bezain handi diren bestazaleen tropela bere helmugaratz abiatu zen, emeki-emeki, jendearen sostengu hitzak eta txaloak hartuz, ibilbidean osoan zehar, bai eta ordurako jendez beterik zen Askatasunaren plazan desfilea sartu zenean ere. 1996tik haurrei eskainia zaien eguneko une berezietako bat bertan izaten delako.
ALTXA HADI LEON!
Hala, eguerdian tanko, hamabi kanpaikadak entzun ondoren, Leon Erregea esnarazteko oihuka hasi ziren, gurasoek edo aitatxi-amatxik lagundurik, Herriko Etxearen plaza mukuru bete zuten haur eta gaztetxo baionarrak. “Altxa hadi, gora Leon!” kantatu zuten, behin eta berriro, milaka eztarri txiki horiek, gorteko jostunek eginiko lan bikainari esker Leon erregea inoiz baino dotoreago balkoian azaldu zen arte.
Frantziar presidenteak lehen ministroa izendatzeko zailtasunak dituen bitartean, Baionako bestazaleek gauzak askoz argiago dituzte: Leon haurren aginduetara dago, beraiek direlako jaun eta jabe. Hala, bestak iraun bitartean ez dute amore emanen; eguerdiro lehoi koroaduna esnatzera helduko dira.
Leonen lehen iratzartzea bermatu ostean, udal balkoitik jaurtiriko hiru gakoez jabeturik, beraien egunak eskaintzen zizkien dozenaka animazioez gozatzera joan ziren haurrak.
Herriko Etxeak berritu duen Poternako parkean garai bateko jolasak antolatu zituzten.
Hala, arku-tirorako ikastaroak eta antzara jolasak izan ziren. Bero sapari aurre eginez, itzalean mokadu bat egiteko aukera ez zuten galdu familiek.
Atsedenaldiaren ostean, pottoken gainean baladak egiteko parada izan zuten txikiek.
Haurren eguna kari, jolastoki erraldoia bilakatzen da Baiona. Oso bestelako eremuetan olgetan aritzeko eskaintzak atzematen dituzte bestazale gazteek. Horrela gertatu zen, hala nola besta alternatiboen erreferente nagusia den Patxa plazan. 13.00etatik goiti, kamiseta izerditzeko parada izan zuten haurrek, Gaia elkarteak antolaturiko jokoak tartean. Arratsaldean, berriz, aizkolarien tenorea heldu zen.
EUSKAL KULTURA
Betiere euskal kulturaren eskutik, Karrikaldi tipia antolatu zuten haur baionarrentzat. Euskal Museoan, bestalde, goiz eta arratsaldean familiei zuzendutako pista jokoak eskaini zituzten. Santizpirita auzoan, Didam museoan, atelierrak proposatu zizkieten haurrei eta haien familiei, kultura eta besta batuz.
Ostegunean, ordea, haurren algara ez zen soinu-banda bakarra izan Baionan.
Bestak antolatzea bere gain hartzen duen batzordeak esperimentazioa eman du plantan Lapurdiko hiruburuko bestek soinu propioa ukan dezaten. Azken urteetan, ostatu anitzek bozgoragailuak ematen dituzte haien lokalen aurrealdean Baionako bestekin zerikusi gutxi duten musika eskaintzak bolumen zinez altuan emanez.
Aurtengo jaiak aurkezteko agerraldian, horiei isunak soilik ez, lokalak hesteko agindua emateko prest azaldu zen Baionako auzapeza. Helburua berria ez bada ere, zarata apaltzeko erronkari heltzeko asmoa berretsi zuen Baionako auzapez Jean-Rene Etchegarayk. Txaranga eta kaleko animazioak isilarazten dituzten dezibelio handiko musika horien aurkako gurutzadari eusteko erabaki irmoa duela azaldu zuen alkate baionarrak. Besta egun zehatz batean, atzokoan, dispositibo bat entseatu zuten udal agintariek Baionan. Hala, egunean zehar eta 19.00ak arte bozgorailuen bitartez musika entzunarazteari uzteko gonbidapena jaso zuten ostalariek eta, oro har, besten denboran jendeari beren lokalak irekitzen dizkieten eragileek. Udalak proba horren ondorioak aurkeztuko ditu jaiak amaitutakoan.
FERIA BI TOKITAN
Auzoen kexak entzunda, bestalde, zarata iturri den beste eremuan, ferian, aldaketak egin ditu aurten Udalak. Ohikoa denez, Boufflers etorbidean eman dituzte barrakak baina, berritasun gisa, feria gunea zabaldu du Herriko Etxeak. Hala, atrakzio zirraragarriekin gozatzeko bigarren gunea sortuko dute Charles De Gaulle aparkalekuan.
Jende metaketak nahi dituzte saihestu feria banaketa berriarekin. Besten irekieran eginiko aldaketarekin bezala, Reduit plazan zein Santizipirita auzora daraman zubian jendea aiseago ibiltzea xerkatzen dutela azaldu dute udal ordezkariek. Herritarrak babestearekin batera, bost egunez jende uholdea jasotzen duen hiria ahal den eta garbien izatea da beste xedea. Hala, komunen zerbitzua indartzearekin batera, karrikan txiza egiten duten bestazaleei 135 euroko isuna emanen dietela jakinarazi du Herriko Etxeak.
sube el precio del pase, pero se relaja el perímetro cerrado
La jornada de hoy marca la entrada en vigor del pase de fiestas, que este año ha subido su precio pasando a costar 15 euros. La pulsera es obligatoria para los no residentes en Baiona que quieran acceder, a partir de las 10.00 de hoy y durante el fin de semana, al recinto festivo.
El Ayuntamiento ha decidido a última hora introducir ciertas modificaciones en el perímetro de pago. De esta forma, el sector del puente de Saint-Esprit, la plaza Réduit y también la avenida Boufflers se mantendrán como zonas gratuitas, con el objeto, explican los responsables municipales, de hacer más fluido el tránsito hacia actos tan populares como el despertar diario del Rey Léon, o el desfile de carros que, con temática olímpica, tendrá lugar el fin de semana. Ello sin olvidar el acceso a las barracas. M.U.