Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
BOILING POINT

Goi mailako sukalde baten barrunbeetan

Izen bereko filmaren jarraipena da, lau ataleko miniserie formatuan. Jatorrizkoa, Stephen Graham-en antzezpen lan bikaina buru dela, 92 minutu irauten duen plano sekuentzia bakar batean grabaturiko film itogarria da; Londresko modako jatetxe bateko gau bakar bat erakusten du.

Telesaila sei hilabete beranduago girotuta dago eta Carly-ren pertsonaiari pisu handiagoa eman diote: filmean ageri den “Jones & Sons” jatetxeko lantalde ia osoa mantendu eta “Point North” izeneko bere jatetxea propioa ireki du. Bai edukian, bai forman kontinuista da, baina plano sekuentzia bakar batean filmatzearen erabaki arriskutsu hori bazterrean utzi dute oraingoan. Tentsioa eta urduritasuna lehen unetik arnastuko ditu ikusleak eta apurka-apurka irakite-puntuan jarriko da guztia. Barne gatazkaz josita dauden pertsonaien bitartez sukalde frenetiko batean murgiltzea liluragarria iruditzen zait, badu zerbait magnetikoa. Hori bai, filmean ez bezala, hemen patxadarako abaguneak badaude, pertsonaien arku dramatikoak oso ondo garatzen laguntzen duten parentesi txikiak.

Sukalde horretatik kanpo paseatzera aterako gaitu kamerak, eta bizitza pertsonaletan sakonki murgilduko gara. Paseo horiei esker, buruko gaixotasuna, antsietatea eta alkoholismoa bezalako gaiak agerian geratuko dira.

«THE BEAR» TELESAILAREN ITZALA.

Arnasgune gehiago dauden arren, estresagarri eta larrigarria izaten jarraitzen du; ez pentsa lasaitasunerako tarte handiegirik dagoenik. Saihetsezina da, bestalde, “The Bear” telesailarekin ez gogoratzea, sukaldaritzaren munduan girotua egoteaz gain badituelako zenbait antzekotasun; biak apartak dira, baina desberdinak direla esango nuke. Estatubatuarrek eta britainiarrek modu desberdinean ulertzen dute telebistaren kontzeptua eta hortik hasten dira desberdintasunak. “Boiling Point” urteko telesailetako bat da.