Enara Gaminde, Labriteko nagusi berria
Aizane Ibarrola uhartearra eta Enara Gaminde laukiztarra dira aurtengo emakumeen San Fermin torneoko txapeldun berriak, 1000 lagunen begiradapean, finalean Amaia Aldai eta Maddalen Osesi 22-9 irabazita. Jaiaren erdigunean, Labritek bere ohiko bonbonera izaerari eutsi zion, harmailetan giro sanoa eta alaia zegoelarik, eta bainaren bat jartzekotan, finalak emozio pixka bat gehiago izatea bakarrik falta izan zuen, finala azkarregi hautsi baitzen.
Baina lehen mailako eta ikusmin handiko finalek hori izaten dute sarri, zaila dela partida borobilak ikustea. Dena dela, ia denak oso gustura irten ziren pilotalekutik; bere lehen finalean Aizane Ibarrolak txapela etxean utzi zuelako asko, eta beste zenbait egungo atzelaririk onenaren jokoaz gozatu ahal izan zutelako. Labriteko erregina berria da Enara Gaminde, sanferminetako azken hiru txapelak irabazita.
Oso bestelako partida espero zen, partidaren hasieran Amaia Aldai eta Maddalen Oses 2-1 aurreratu zirenean, baina gorrientzat ameskeria bat baino ez zen izan, nafarra eta bizkaitarra oso nagusi izan baitziren partida osoan zehar. Bazen zalantzarik, bere lehen finalean, eta frontoira jende asko ekarrita, Aizane Ibarrolak nola erantzungo zuen, eta presiopean, sekulako ikuskizuna eskaini zuen kantxa gainean. Uhartearra oso pilotari indartsua da, pilotari abiadura handia eman eta sakearekin min handia egiten duena, baina atzo tantoak amaitzen ere ederki baino hobeto dakiela erakutsi zuen, denera 13 eginda.
AGINTE OSOA
Ezin ahaztu, ordea, lan bikain hori egin ahal izateko, atzean Enara Gaminde handi bat izan zuela bizkarrak zaintzen. Laukizkoa oso nagusi izan zen partida osoan zehar, etengabe erakutsi zion bizkarra Maddalen Osesi eta partidaren aginte makila berea izan zen.
Saiatu ziren Amaia Aldai eta oñatiarra, baina parean horma oso sendo baten aurka talka egin zuten behin eta berriro, eta ezinean, galtzaile aritu ziren final guztian zehar, barruan duten guztia eman ezinda, laineza hartuta aritu diren bi aurkari handiren aurka. Kolore bakarra izan zen kantxan.