Zabaletak ezin izan du binakako partida amaitu eta Baikok eraman du desafioa
Etxarrengo atzelariak eskuin bikian zaintiratu bat izan zuen Ezkurdiarekin Laso-Albisuri 16-12 irabazten ari zela, eta herrenka utzi zuen kantxa.
Partida pilaketa hasi da pilotariei faktura pasatzen, eta Jose Javier Zabaletak ezin izan zuen atzo Olioaren Desafioaren binakako partida amaitu, eskuin zangoko bikian min hartuta. Ezkurdia lagun, Aspekoak 16-12 ari ziren Laso-Albisuri irabazten, baina etxarrendarrak ezin izan zuen jokatzen jarraitu eta, hortaz, puntua Baikorentzat izan da. Aurretik, lehen partidan, kaiolakoan, Erik Jakak Salaberriari 18-14 irabazia zionez, jokoan ziren 1200 olio botilak Bilboko enpresarentzat izan dira. Dena erabakita zela, Bakaikoak Baikoren garaipena borobildu zuen, Egigureni kantxa osoan 18-14 gailenduta.
Baina feriak aurrera darrai eta gaur erabakiko da binakako torneoa nork eramango duen. Azken bi urteetan bezala, Jokin Altunak eta Jon Mariezkurrenak elkarren aurka jokatuz abestuko dute «Gaixoa ni». Aurten Julen Martija izango du lagun aurrelari gipuzkoarrak, eta Jon Ander Peña izango da Berriozarkoaren aurrelaria; beraz, duela astebeteko arantza kentzeko modua izango du tolosarrak, kaiolako finalean tanto bakarraz nagusitu baitzitzaion Altuna.
ZARATATIK APARTE
Aurtengo binakako feria zailagoa izan da Aspeko bikotearentzat, lehenengo partida galdu izanaz harago, amezketarraren inguruan izandako zarata guztiarengatik. Kantxan jasotako zentzugabeko txistuak eta bere testuinguruan jarri gabeko bere adierazpen batzuek, ordea, ez dute txapelduna bere bidetik atera, eta Martija bikain baten laguntzaz, finalerako bidea urratu zuen ostegunean, egungo Binakakoko txapeldunei merezimenduz irabazita.
Neguko eskuetako arazoak ahaztuta, Jon Mariezkurrena udako «moduan» da berriz, pilota ikaragarri gozatuz ezker-eskuin. Eta bere nagusitasunaren itzalean, finalerako bidea errazagoa izan da Baikoko bikotearentzat, baina atsedenerako egun bat gutxiagorekin.