GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Jokin Altunaren harmoniak ozen egin du aldarri Labriteko burrunbaren erdian

Merezi ez zuen amaiera izan zuen sanferminetako feriako binakako final ikusgarriak, azken tantoan epaileak atxiki adierazi baitzion Jon Mariezkurrenari defentsako bolea batean, beste inork halakorik ikusi ez zuen jokaldi batean.

Jokin Altuna, pozarren, besoa altxatuz, aldamenean Julen Martija duela. (Jon URBE | FOKU)

Gehiegikeriak, burrunba, jende-pilaketak, poztasuna, musika... dira gaur egungo festa gehienen ardatz, eta sanferminek muturrera eramaten dituzte hauek guztiak. Labriteko pilota maratoiari dagokionean, aurtengoa zarataren feria izan dela esan genezake, txistulariena, testuingururik gabeko titularrena, garaiz kanpoko kantu eta oihuena eta, hori guztia gutxi balitz, inor gutxik ulertu zuen finala itxi zuen atxikiarena. Bada, giro kaotiko horretan, Jokin Altunaren harmoniak aldarri garbi bat utzi du Labriten, Martija handi baten laguntzaz, final ikusgarri batean, Iruñean jokoan zituen txapel eta sari guztiak -finaleko pilotaririk onenaren saria ere eman zioten- eskuratuta eta aurreko egunetako txistuak txalo bilakatuta. Dagoeneko, gaizki ulertutako etsaitasun bat bizi izan duen Bonbonera ere konkistatu du amezketarraren argitasunak, eta dagoeneko konbentzitu ez duena konbentzitzen saiatzeak ere ez du askorik merezi.

Aste bereziki zail batean eta egungo jotzailerik handienaren indar erakustaldiaren aurrean -udako Mariezkurrena ikustea ere benetan merezi du-, amezketarrak beste erakustaldi bat eman zuen; partida erdia kolpe batek baldintzatuta jokatu zuen Martija erraldoi batekin sufritzea tokatzen zenean defentsan sufrituz, pilotakada bakoitzari zentzua emanez, tarteka zutik jartzeko aleak utziz -14-13 eta hemeretzinako berdinketako tantoak bideotekan gordetzekoak izan ziren- eta behar zenean eskuinez ere pilota astinduz, daraman trotearekin gezurra dirudien arren, fresko dagoela erakutsi zuen.

FINAL IKUSGARRIA

Amestutako partida hasiera izan zuten Aspekoek; izan ere, Jokin Altunak jokoan sartzeko aukera asko izan zituen eta primeran aritu zen errematean. Atzean, pilota ezkerparetan asko sartuz, Martijak eutsi baino gehiago egin zion Mariezkurrenari, eta urdinak ezinean ibili ziren. Saiatu zen Berriozarko atzelaria zuloak irekitzen, baina izan zituen aukera apurretan, kosta egin zitzaion Jon Ander Peñari aukerei etekina ateratzea.

Hala, Mariezkurrena izan zen, aurrelari lanetan, lehen koadrotik pilota ederki irekiz, Baikokoen lehen tantoa egin zuena (6-1). Hala ere, jokoan euren pilota jarri izanagatik, kosta egin zitzaien tolosarrari eta Berriozarkoari tantoak egitea, eta amezketarrak eta Etxeberrikoak alde politak izan zituzten, 8-2 lehenengo eta 11-5 geroago.

Zaila zirudien, ia ezinezkoa, Altuna-Martija bezalako bikote zaildu bati halako aldea kentzea, baina Peña-Mariezkurrenak sinisten jarraitu zuten eta partida orekatzea lortu zuten. Hein handi batean, atzelari nafarra izan zen aldaketa horren eragile nagusia. Gustuko pilota bizi bat topatu zuenean, partidaren aginte makilaz jabetu zen eta jokoaren ekimena berea izan zen erabat, Jokin Altuna batere protagonismorik gabe utziz.

Gainera, 11-7koan, partida bikaina osatzen ari zen Julen Martijak gaizki neurtu zuen beste nafarrak jotako pilotakada batek botea non egingo zuen kalkulatzerakoan, eta kolpe txar bat eraman zuen besaurrean eta aldageletara joan behar izan zuen. Itzuli zen kantxara eta nolabaiteko normaltasunez aritu zen, baina dezente gehiago kosta zitzaion Mariezkurrenari aurre egitea. Peñak ere gehiago asmatu zuen aurrean, eta hamabinakoa izan zen partidako lehen berdinketa.

AMAIERA EROA

Hortik aurrera, bikote bakoitzeko izarrek hartu zuten lehiaren zama, eta Mariezkurrenaren pilotakada latz bakoitzari Altunak bere magiarekin erantzun zion, markagailuan ere gorabehera handiekin. Azken txanpa horretan, bi bikoteek izan zituzten euren aukerak, gorriek gehiago, baina finalak, ordea, merezi ez zuen amaiera bat izan zuen; azken tantoan Joseba Rekalde epaileak atxikia adierazi baitzion Jon Mariezkurrenari defentsako bolea batean, berak ez beste inork ezer arrarorik ikusi ez zuen jokaldian. Zenbait pilotakada gehiago gurutzatu ostean, pilotariek eurek ere ez zekiten zer adierazi zuen eta, feriako girorik sanoeneko jaialdian -ordutegiak ere laguntzen zuen-, azkenerako giroa pixka bat narrastu zen.