Maider IANTZI GOIENETXE
KONPARTSAREN AGUR EKITALDI SAMURRA

Erraldoiek jasotako maitasuna itzuli diete haurrei

Lau kilo txupete eta emozioak tonaka jasota agurtu ziren Iruñeko erraldoiak, buruhandi, kiliki eta zaldikoekin batera, Sanferminen hondarrean. Pozez eta penaz, alaitasunez betetako Udaletxe Plaza eder batean jira eta bira dantzan ibili ziren, baltsa ez bukatzeko nahian, konpartsakide, haur zein helduak. Txikiak izan ziren protagonista oilo-ipurdia jartzeko moduko ekitaldi samurrean.

Toko Toko eta haurren arteko musua. Ondoko irudian, erraldoiak udaletxera sartzen, ordubeteko dantzaldi ederraren ondotik.
Toko Toko eta haurren arteko musua. Ondoko irudian, erraldoiak udaletxera sartzen, ordubeteko dantzaldi ederraren ondotik. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sanfermin guzietan kankailu, buruhandi, kiliki eta zaldikoei eman dieten maitasun oldea bueltan jaso zuten haurrek atzo. 13.00, Udaletxe Plaza zuri-gorrian txikiak eta erraldoiak nagusi. Termometroan 30 gradu, baina ez zen inor mugitu, edo ez zion inork horregatik dantza eta salto egiteari utzi.

Dantzarien emanaldia izan zen sarrera gisa. Haurrak urduri zeuden, irailera arte agurtu behar zituztelako maiteen dituzten pertsonaiak. 25 figura guztira: zortzi erraldoi, bost buruhandi, sei kiliki eta sei zaldiko. «Alkate!» oihuei erantzunez, begi mugikordun buruhandia udaletxeko balkoi batera atera zen, eta plaza agurtu zuen. Balkoi bat beherago, bertze alkatea zegoen, Joseba Asiron, udalbatzarekin.

1970eko hamarkadan hasi ziren agur hau egiten, modu informalean, autobus geltoki zaharrean. Iaz Gaztelu Plazan probatu ondotik, aurten Udaletxe Plazara itzuli dira.

“Biribilketa”-rekin hasi ziren, txistua eta tronpa uztartuz. Eta “La Envidia” eta “Angula”-rekin segitu zuten. Buruhandiek goxokiak bota zituzten eta erraldoiek lau kilo txupete bildu zituzten.

“Animo pues”-en ondoren, “Membrillo”, “Cogollo” eta “Arroz con leche” jo zituzten. Hurrengo piezak “Adios con el corazon” izenekoak, librean dantzatzera gonbidatu zituen. Pisutsuak izanagatik, arin mugitzen ziren, jolasti. Gizon zein emakume eramaileek baieztatu bezala, emozioak ematen zien indarra. Atsedenaldietan, makurtu eta musu eta besarkadak partekatu zituzten zaleekin.

“Falsa polonesa”-rekin udaletxera sartu zirenean, zapiak jaso zituzten herritarrek, “San Fermin!” garrasika, berriz atera zitezela eskatuz, gozatzen jarraitzeko, pixka bat gehiago.

Inork bukatzerik nahi ez zuen baltsa dantzatu zuten, “Alemana”. “Txantxigorri” jo zuten gero, eta konfeti zuri-gorriak bota zituzten unea hagitz indartsua izan zen. Ongi egindako lanaren harrotasuna sumatzen zen. Azkenean, bai, Hermanos Fraile gaiteroek “Polonesa” jo zuten, benetakoa, eta denek elkarrekin egin zuten dantza. Brauliak eta Toko Tokok musu eman zioten elkarri. Braulia gelditu zen azkena, maitatuena, bueltaka, inguruan jendea dantzan zuela. Goia jo zuen jaiak, eta orduan bukatu zen.