Jon GARMENDIA
Idazlea

Ilki

Eguzkia irten, eguzkia ilki, atera egiten dela, jaiki, eta beti dagoela hor, zuk noiz begiratuko zain. Horretan ari nintzen Ernest Hemingwayren ‘‘The Sun Also Rises’’ (Eguzkia irten ere egiten da) etorri zaidanean gogora. Egia erran, Sanfermin oro agertzen da Illinoiseko idazlea plazan, aurten 101 urte Iruñera etorri zela, agidanean. Bere txoko maiteak negozio toki dira hiri buruzagian. Gauza bera gertatzen dela Kuban, «My Daiquiri in El Floridita» eta «My mojito in La Bodeguita» egiatan erran ote zituen zalantzan jarri gabe. Gauza bera Parisen, Cafe de Flore edo Les deux magots. Ahantzi gabe argiaren hirian instalatu zela belaunaldi galdua, Lehen Mundu Gerra ondotik Depresio Handia gainditu arte liburu garrantzitsuak ekarri zituena, tartean Hemingway bera, noski. Parisko bohemiaren eta New Orleanseko swing jazz musikarekin imajinatzen ditut idazten, whiski eta koñak kopa ondoan. Zenbat eguzki sartu eta atera diren gerora, zenbat libururen azal eta kontrazal. Badu lana matematikariak. Parisen izan zen Gatsby Handiaren idazle Scott Fitzgerald ere, belaunaldi horren partaide; Hemingwayk ez omen zuen liburuaren azala maitatu, tira, izango zen jelosia apur bat, barnekoak edukiontzia gainditzen baitu. Eguzki anitz idazki horren azalean, eta, Fitzgeraldek erran bezala, ezin da liburu bat bere azalarengatik juzgatu. Gauza bera eguzkiarekin. Begira iezaiozu itsutu arte.