GARA Euskal Herriko egunkaria

EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos, soldatak hemen ebaztearen alde


EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiak ados azaldu dira Euskal Herriko langile publikoen baldintzak Euskal Herrian erabaki ahal izatearekin. Horrela adierazi zieten EAEko sektore publikoko ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuei, Gobernu espainolak langile publikoen soldatari buruzko errege dekretua aztertzeko izandako bileretan.

«Aldebiko bilera horietan, sindikatuek alderdiei eskatu diete lan baldintzak hemen erabakitzea bermatuko duen dekretua ahalbidetzea, egun dagoen bezala ez baitu hori posible egiten», azaldu zuten.

Sindikatuek ohar batean jakinarazi zutenez, alderdiek ez dute argi adierazi zer jarrera izango duten uztailaren 23an Kongresuan egingo den bozketan, «baina guztiek agertu dute Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzearen aldeko jarrera. Hori baita sindikatu eta langile publikoen eskaria».

Diotenez, «alderdiek erakutsitako jarrerarekin koherenteak izateko, orain langile publikoen soldatak Euskal Herrian erabakitzea ahalbidetzeko erabakiak hartu beharko lituzkete».

PSE eta PPren jarrera salatu zuten, ez zutelako maiatzeko bileretan parte hartu eta oraingo eskaerari ere ez diotelako erantzun.