GARA Euskal Herriko egunkaria

Langabezia tasa %7,5era jaitsi da EAEn, 4.500 langabe gutxiagorekin

2024ko bigarren hiruhilekoan 4.500 langabe gutxiago zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eustaten datuen arabera. Langabezia tasa %7,5era jaitsi da. Atzo iragarri zituen datu hauek, Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestaren bidez lortutakoak.

Lanbideren bulego bat, Eibarren. (Raul BOGAJO | FOKU)

Eustatek Biztanleriaren Jardueraren gaineko Inkestaren datuen berri eman zuen atzo, 2024ko bigarren hiruhilekoari dagozkionak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langabezia tasa %7,5era jaitsi da aurreko hiruhilekotik (%0,4 gutxiago), eta 4.500 langabe gutxiago eta 11.700 landun gehiago daude.

Hala, langabe kopurua -lan bila ari diren, bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta, gainera, lanerako prest dauden pertsonak- 80.100ekoa da hiruhileko honetan, eta landunen kopurua, berriz, 992.600ekoa. Landunen eta langabeen bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %56,6koa izan da 2024ko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino bi hamarren gehiago.

Emakumezko langabeak 39.400 dira, aurreko datuekin alderatuz 2.400 gutxiago; gizonezkoen artean, 2.100 langabe gutxiago zenbatu dira, 40.700 lagun guztira. Emakumeen langabezia tasa ehuneko 0,6 puntu jaitsi da, %7,6raino, eta gizonena %7,3an kokatu da (ehuneko -0,4 puntu).

Gipuzkoan 2.400 langabe gutxiago daude (guztira, 19.700), eta tasa ehuneko 0,7 puntu jaitsi da, %5,6ra. Bizkaian 47.800 langabe daude, 2.000 gutxiago, eta langabezia tasa puntu erdi jaitsi da, %8,6ra. Araban, langabe kopurua ez da aldatu (12.600), eta langabezia tasa ehuneko 0,1 puntu jaitsi da, %7,7ra.

Hiriburuei dagokienez, 2.400 langabe gutxiago daude Bilbon, 500 gutxiago Donostian eta 400 gutxiago Gasteizen, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

ENPLEGUA

Lurraldeei begiratuta eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian 6.400 pertsona gehiagok dute enplegua, Gipuzkoan 4.200 pertsona gehiagok eta Araban, berriz, 1.200 pertsona gehiagok. Hiriburuetan, Donostian 2.400 gehiago daude, Gasteizen 1.800 gehiago eta Bilbon 1.600 gehiago.

Enpleguaren hazkunderik handiena emakumeen artean gertatu da (+8.300); gizonen artean, berriz, 3.400 igo da.

EAEko biztanleria landuna 10.100 pertsonatan hazi da zerbitzuen sektorean (+%1,4), 1.000 gehiago daude lehen sektorean (+%11,8) eta 900 landun gehiago eraikuntzan (+%1,7). 300 landun gutxiago zenbatu dira, aldiz, industrian (-%0,2).

Okupazio tasaren kasuan, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona landunen ehunekoa adin horien guztizkoaren gainean kalkulatuta, ehuneko puntu bat igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta %70,9an kokatu da. Tasa hori %73,9ra igo da gizonen artean eta %67,9ra emakumeen artean.

Okupazio tasarik altuena Gipuzkoakoa da (%72,8) bigarren tokian Araba dago (%70,8) eta Bizkaian %69,7koa da.