JUL. 20 2024 KOLABORAZIOA Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua, ate joka Patxi JUARISTI Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren lehendakaria Kohesioaren gaia gobernu, erakunde publiko eta gobernuz kanpoko erakunde askoren lehen ardura da gaur egun. Izan ere, desberdintasun txikiak dituzten gizarteek errazago sortzen dituzte garapen ekonomiko, sozial zein kulturalerako baldintzak, gobernantza ekosistema hobeak eta hobeto egiten diete aurre etorkizuneko erronkei; kohesioa duten herriek bazterkeria gutxiago dute, gizarte kapital sendoagoak eta pertenentzia eta konfiantza sentimendu handiagoak. 2024ko urriaren 2tik 4ra Gasteizko Europa Biltzar Jauregian ospatuko den Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan, Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioa handitzeko eman beharreko pausoen inguruan gogoeta egingo dugu, Euskal Herriaren ongizatea hobetzeko xedez. “Elkartzen gaituena. Herri ituna(k) jendartearen eta lurraldearen kohesiorako” lelopean, herritarren eta lurraldeen arteko kohesioa handitzeko herri itun bat lortzeko proposamenak egingo ditugu. Minouche Shafik-en “Lo que nos debemos unos a otros. Un nuevo contrato social (2022)” liburuan dioen bezala, «herri itunak dena hartzen du: gure erakunde politikoak, gure lege-egiturak eta egitura juridikoak eta gure baldintza materialak, baita familiaren eta komunitatearen antolaketa, gure ongizatea, gure harremanak eta bizitzari buruz ditugun ikuspegiak ere». Hortaz, begirada zabal batekin eta erpin askotarikoetatik helduta, kohesioa xede izanik, alor desberdinetan jarri beharra dago begirada. Batetik, eredu sozioekonomiko berri batez hitz egiten hasi behar gara: Nolako garapen ekonomikoa behar dugu? Zein da enpleguaren etorkizuna? Zer nolako iraunkortasuna bermatzen dugu? Belaunaldien arteko elkartasuna posible da? Eredu ekonomiko berri batera igarotzeko proposamenak lantzea funtsezkoa da. Bestetik, Euskal Herrian bizi diren pertsonen arteko harremanari erreparatu behar zaio: Gizarte berrikuntzak zer onura dakartza? Euskal hezkuntza sistema bateratu batez hitz egin genezake? Nola kokatu euskal nortasuna gizarte plural eta gero eta anitzago batean? Zelan bermatu parte hartze kulturala gure eskubideak bermatuta? Askotariko galderak eta gure egunerokoan txertatuta dauden errealitateei zuzenean so egiten dietenenak. Azkenik, lurraldetasunean fokua jartzea ezinbestekoa da, hots, herrien arteko oreka eta mugen inguruan hausnartzea. Zehazki, lurralde guztien arteko elkarrizketaren beharraz hitz egitea, baita harreman berriak sustatzearen inguruan ere. Ipar eta Hego Euskal Herriaren zein hiri eta landa eremuaren arteko harremanak sendotzeko proposamenak landu; baita subiranotasun lurralde-gatazkak gainditzeko proposamenak bildu ere. Kohesioa, herri itunak, ongizatea, garapena, eredu sozioekonomiko berria, lurralde-gatazkak, hirien eta landa eremuen arteko harremanak... Zalantzarik ez dago Euskal Herriaren etorkizunerako garrantzitsuak diren gaiak jorratzeko une aproposean gaudela. Aurrerantzean ere Euskal Herriak izan nahi baldin badu, ezin diegu gai hauei ez ikusiarena egin. Izan ere, «hor konpon» baino hobeki atera zen «zer gerta ere». Euskal Herriko kezka eta erronkei erantzuteko elkarte zientifiko-kultural gisa, Eusko Ikaskuntzak kohesioari loturiko hainbat ikerketa burutu ditu 2018tik. XVIII. Kongresutik aurrera, herritar, eragile, aditu eta erakundeak elkartu eta kohesioa hobetzeko gogoetak bultzatzen eta proposamenak egiten aritu da. Urriko Kongresuan ikerketa hauen guztien emaitzak ezagutzeko parada izango dugu. Euskal Herrian gai hauen inguruan beste erakunde eta esparru batzuetan egin diren lan eta gogoetak ere ezagutuko ditugu. Eta Euskal Herritik kanpoko erreferentziak ere izango ditugu. Hau da, nazioarte mailako pentsalari ezagunak ere etorriko dira, Euskal Herriko errealitatea mundu mailan kokatzeko. Kanpoko eta barneko begiradak nahasten dituen gogoeta kolektiboa egingo da. «Kongresu» hitza entzuten denean, berehala unibertsitatean eta gogoeta akademikoetan pentsatzen dugu. Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresu honetan, akademiako kideek parte hartuko dute, baina horiekin batera, Euskal Herriaren etorkizunarekin arduratuta dauden pertsonak gakoak dira, Eusko Ikaskuntzako bazkideak izan edo ez. Izan ere, benetako ezagutza, estrategiak eta akordioak taldean sortzen dira. Minouche Shafik-ek liburu horretan dioen bezala: «(...) gizartea izan behar da herri itunaren helburua erabaki behar duena, eta horretarako, era askotako indikatzaileak izan behar ditu kontuan». Hitzaldiak, mahai inguruak, eztabaidak, performance kulturalak... programa erakargarria eta irekia prestatu dugu urriaren 2, 3 eta 4rako; Euskal Herriaren etorkizunari buruz gogoeta egiteko testuinguru interesgarria sortzen du Kongresuak. Beraz, izena eman nahi duen orok aukera aparta du Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioan sakontzeko. Zalantzarik ez dago Euskal Herriaren etorkizunerako garrantzitsuak diren gaiak jorratzeko une aproposean gaudela