GARA Euskal Herriko egunkaria

Gobernu britainiarrak tren operadoreak publifikatuko ditu

Bidaiari-tren operadoreak publiko bihurtzea helburua duen lege proiektua jarri du martxan Londresko Gobernu berriak. Aldaketa hori enpresa pribatuen kontratuak amaitutakoan (2027an) edo horietan kudeaketa txar bat egiaztatu ondoren egingo lukete.

Tren-operadoreak berriz publiko egiteko proiektua abiatu du Londresek. (Ben STANSALL | AFP)

Gobernu britainiar laborista berriak herenegun iragarri zuenez, lege proiektu bat aurkezteko asmoa du tren operadoreak apurka birpublifikatzeko. Izan ere, gaur egun konpainia gehienak pribatuak dira.

«Urteetako emaitza txar eta onartezinen ostean, lege proiektu hori aldaketa historikoa da, Gobernuari bidaiarien garraio-zerbitzuak jabetza publikora itzultzea errazten diona», iragarri zuen Gobernuak ohar batean.

Alderdi Laboristak irabazi zituen uztailaren 4an burutu ziren legegintza-hauteskundeak Britania Handian, hamalau urtez gobernu kontserbadoreak izan ostean.

Lege proiektu horrek operadoreak publiko bihurtzea proposatzen du enpresa pribatuen kontratuak amaitzean edota kudeaketa txarra izanez gero, eta Great British Railways izeneko erakunde batean biltzea.

Indarrean dauden kontratuak 2027ra artekoak direnez, egungo operadoreei konpentsazioak ez ordaintzea posible izango da, Gobernuak dioenaren arabera.

1995ETIK

1990eko hamarkadaren erdialdean egin zen tren operadoreen pribatizazioa, John Major lehen ministro kontserbadorearen agindupean, baina trenbide sareak publikoa izaten jarraitzen du, Network Rail elkarteak kudeatuta.

Hamalau operadoretik lau kontrol publikora itzuli dira azken urteetan emaitza txarrengatik, baina sektore pribatura itzuli baino lehen behin-behinean kudeatzea zen asmoa orain arte.

“The Guardian” komunikabideak jakinarazi duenez, trenbideetako agintari eta sindikatuek «pozik» hartu dute albistea. Hala ere, tren operadore pribatuek ohartarazi dute nazionalizazioak kostuak handitu ditzakeela.

Londresko Gobernuak jakinarazi duenez, trenen kasuan titulartasun publikoa lehenetsiko da, baina autobus zerbitzuei dagokienez, udalen jabetzakoak eta hauek kontrolatuak izan daitezke, beste lege batzuen arabera.