Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
«HEOJIL KYOLSHIM (DECISION TO LEAVE)»

Thriller erromantiko gorena

Park Chan-wook zuzendariaren lan berria Filmin plataformara iritsi da. Film honekin, hegokorearra gorenera iritsi dela uste dut; bere obra biribilena iruditzen zait.

Abiapuntua, honakoa: Gizon bat mendi baten gailurretik jausi eta hil egin da; istripua, suizidioa ala hilketa? Hae-joon detektibea arduratuko da kasuaz, baina hildakoaren emaztea susmagarritzat hartzen duen arren harekiko sentitzen duen erakarpenak ezegonkortu eta nahastu egingo du kasua. Mendia, itsasoa, lanbroa, lainoa... natura eta kokalekua bera ere garrantzitsuak dira.

Filmaren bertute nagusia bere tramaren konplexutasuna eta planteatzen duen joko narratiboa da, baina hasieran kosta egiten da kode horiek ondo ulertzea eta proposatzen duen erritmora egokitzea, nahiko gidoi zatikatua baitu. Lehen minutuetan oso film arrunta dirudien arren, apurka aldatzen joango da. Pazientzia apur bat eskatuko dizue hasieran, nahiko nahasgarria delako; zin dagizuet esfortzuak merezi duela. Tempoaren erabilera primerakoa da; modu oso metaforiko eta elegantean zatitzen du kontakizuna. Formak, edukiak eta emozioak guztiz bat egiten dute lan honetan. Park Chan-wook-en filmografia ezagutzen baduzue, ohartuko zineten oso zuzendari esteta dela; irudiari eta alderdi bisualari indar eta garrantzi handia ematen dio. Plano, kamera-mugimendu, zoom, kolore-trataera eta eszenen arteko trantsizio bakoitza azken zirrikituraino zainduak daude hemen ere. Ezer ez dago ausaz jarria, elementu bakoitzak bere funtzioa betetzen du. Oso zaila iruditzen zait Park Chan-wook-ek lortu duena, osagai asko baitzituen mahai gainean, baina konfort-eremutik atera da eta bere mugetatik harago joan nahi duen sortzaile baten ausardia erakusten du filmak.

Thriller erromantiko gorena osatu du. Bikaina.