Eta emakumeen futbola, zer?
Iazko denboraldiko Estatu espainiarreko gizonezkoen futbol ligako ikusi gabeko zenbait xehetasun erakusten ditu dokusail honek. Teknikoki txukuna eta narratiboki oso erakargarria iruditu zait; nahiko itxura zinematografikoa du. Eragozpenik handiena amaieran aipatuko dut.
Gehien gozatu dudana hirugarren atala izan da: “Iparraldeko erregea”, euskal derbiari eskainia. Hori bai, pieza hori abiatzeko, ezin falta euskal topikoen entsalada: Idi-demak, sokatira, harri-jasotzaileak... atal horretako lehen minutuak, Asier Muniain-en off-eko ahotsa tarteko, deskribaezinak dira; hortxe utziko dut. Portzierto, euskal derbiari buruzkoa da eta euskarazko hitz bakar bat ere ez. Aipamen berezia merezi du, halaber, zazpigarren atalak, Chimy Avila-rengan zentratuta egon arren, zati handi bat Osasunari eskainia baitago; Jagoba Arrasateri eta konpainiari entzutea beti da luxu bat.
Kirolariak gizatiartzea lortzen dute eta interesgarria da osasun mentalaz, porrotaz edota kolore zein herri batekin duten konpromisoaz hitz egiten entzutea.
Horraino dena ongi. Honatx arazorik handiena: publirreportaje bat dirudi eta egunetik egunera kirats handiagoa jariatzen duen Estatu espainiarreko liga zuritzen du. Pertsonengan eta horien istorioetan sakontzen duelako gomendatzen dut; hori da interesgarriena. Ikusten den guztia ongi dago. Arazoa, ordea, ikusten ez den hori da. Ligaren barne funtzionamenduari egindako begirada kritikoa eta zorrotza falta da; Javier Tebas eta konpainiari, sarreren prezio eskandalagarriei, enpresa jakin batek duen telebista-monopolioari eta abar eta abarri buruz ari naiz. Eskatzen hasita, nahiko nuke, halaber, saio honek duen aurrekontu bera, baliabide berberak eta, batez ere, oihartzun mediatiko bera emakumezkoen futbolari buruzko dokumental batek ere jasoko balu. Zoritxarrez, uste dut kosta egingo zaigula hori ikustea.