Alaia SIERRA
GASTEIZ

Solariak «engainatu» egin dituela salatu dute Zigoitian

Solaria Zierbena 3 proiekturako lurrak ez dituztela salduko ohartarazi dute Zigoitiko lurren jabeek. Enpresaren partetik «engainatuta» sentitu direla ere salatu dute.

Solariaren jarrera salatzeko prentsaurrekoa.
Solariaren jarrera salatzeko prentsaurrekoa. (GARA)

Zigoitiko 111 hektarea hartzea aurreikusten duen Solaria Zierbena 3 proiekturako lurren jabeek ez dituzte lur horiek salduko, enpresaren partetik «engainatuta» sentitu direlako, jabe askorekin ez baita ados jarri.

Hala azaldu zuten proiektuaren aurka elkartu diren lur-jabeek, emandako prentsaurrekoan. «Gure lurrak ez dira bereganatze horren parte izango, eta gure lurrik gabe Solaria Zierbena 3 ez da bideragarria», ohartarazi zuten.

«Erasotzat» jotzen dute Madrilgo enpresaren jarrera eta, euren ustez, jabeen artean «alarma egoera sortzera, lurrak industria-parke batez inguratuta geratzearen aurrean izutzera eta nahita informazio partzialak ematera» mugatu da. «Solariak ez du konbentzitu nahi izan, gure komunitatearen ahuleziak bilatu besterik ez du egin», esan zuten.

Horren harira, enpresarekin akordio bat sinatu dutenek Zigoitiarekin loturarik ez dutela azaldu zuten; «garai bateko lur pilaketa baten ordezkariak» direla, alegia. Gainera, horietako zenbait Zigoitia Bai jabeen elkartearekin harremanetan jarri dira, iraultzeko euskarri juridikoa eskatuz.

Enpresa gizartea ere «engainatzen» ari dela ohartarazi dute: «Solariak jabeen adostasuna duela adierazten duenean, gizartea eta administrazio publikoak engainatzen ditu. Jabeen adostasunaren kontakizun mediatiko hori faltsua da eta, gainera, maltzurra». Proiektu honek, halaber, komunitatea, bizimodua, natura eta «azken batean, garena» hondatuko duela ohartarazi dute jabeek.

Gauzak horrela, proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu zituzten hil honen hasieran, zerbitzu juridiko profesionalekin egindako 480 orrialde baino gehiagoko lana. Gainera, Iñaki Lasagabaster Zuzenbide Administratiboko katedradun emerituaren aholkularitzapean lanean ari dira.