Amalur ARTOLA
Kazetaria
2000

Felix Iñurrategi, bihotz erdia Himalaian

Felix Iñurrategi, horren maitea zuen Himalaian.
Felix Iñurrategi, horren maitea zuen Himalaian. (IÑURRATEGI ANAIAK | EITB)

Ezagutzen zutenek bere izaera irekia eta bertsolaritzarako trebezia nabarmendu izan dituzte. Iñurrategi anai mendigoizaleen artean zaharrena zen (1967an jaio zen, Alberto anaia gaztea baino urtebete lehenago), nekazaritza alorreko ingeniaritza ikasketak zituen eginak, eta Murrukixo Mendizale Elkartearen eskutik egin zituen mendizaletasunaren lehen urratsak. Baina Euskal Herriko sabaiak goiz geratu zitzaizkien motz bi anaia aretxabaletarrei, eta zerua hatz puntekin ukitzeko ametsak mendigoizaletasunaren goi mailara gidatu zituen.

1990eko hamarkadan alpinismoaren gailurrean ibili ziren Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak. Alpeetan (Mont Blanc, 1988) eta AEBetan trebatu ostean (Yosemiteko ‘‘The Nose’’, 1987), Himalaiari eusteko prest ikusi zituzten beren buruak, eta Pumoriko (7.161) tontorra izan zen euren lehen jomuga. Lehen espedizio hura arrakastatsua izan zela ikusita, zortzimilakoak hartu zituzten begitan, eta hamarkada batean hamabi igotzea lortu zuten: Makalu (1991), Everest (1992), K2 (1994), Cho Oyu (1995), Lhotse (1995), Kanchenjunga (1996), Shisha Pangma (1996), Broad Peak (1997), Dhaulagiri (1998), Nanga Parbat (1999), Manaslu (2000) eta Gasherbrum II (2000). Azken honetan amaitu zen Felix Iñurrategiren bidea, ustekabeko ezbehar baten ondotik.

Uztailaren 28a zen, eta, ordu batzuk lehenago, Iñurrategitarrak beraiek izan ziren Euskadi Irratiarekin egindako zuzeneko konexio batean tontorra erdietsi zutela baieztatu zutenak. Ikusgarritasun onak ematen zien ikuspegi paregabea nabarmendu zuen Albertok. Suziriak jaurti ziren Aretxabaletan, eta Murrukixo Mendi Taldearen egoitzan ongietorrirako prestaketak abiatu zituzten. Ordu batzuk beranduago jakin zen albistea: beherako bidean, 400 metrotik amildu eta hil egin zen Felix. Pozak etsipenari eta saminari utzi zien bidea.

Gasherbrum II Pakistan eta Txina artean dagoen Karakorum mendilerroan dago kokatuta eta, bere 8.035 metroekin, munduko hamahirugarren mendirik garaiena da. Paradoxikoki, zortzimilakoen artean zailtasun tekniko gutxien duenetako bat ere bada; eta beste euskal mendizale batek ere, Antton Ibarguren gipuzkoarrak, bertan galdu zuen bizia, 1993an, honek ere jaitsieran.

Alberto bera izan zen, egun batzuk beranduago -anaia galtzearen minari jaitsiera konplikatu bat gehitu zitzaion, meteorologiaren eraginez-, jada Sondikako aireportuan, xehetasunak eman zituena. «Zulo oso sakonean nago eta igoaldi luze eta zaila daukat aurretik. Eskalatzen ari zarenean, burua eskalatzean bakarrik duzu. Hasi besterik ez naiz egin eta burua oso nahasia dut, denbora eta asko pentsatzeko beharra daukat», adierazi zuen aireportuan bertan. Istripua La Banana modura ezagutzen den zonan gertatu zela azaldu zuen: «28an, zortzietan tontorrera iritsi ostean, II kanpalekura jaitsi ginen, 6.900 metrora; atsedenaldi bat egin eta kanpalekua jaso genuen. Nahiko denbora genuen, kanpaleku basera jaisteko beste, baina I kanpalekura iristea zen gure asmoa, gorputza hobeto errekuperatzeko eta jaitsiera glaziar zonan zelako eta eguzkiak ematen duenean oso arriskutsua jartzen delako, arrakala asko zabaltzen baitira. I kanpalekurako jaitsiera hasi genuen 13.30ean, eta 14.00etan, La Bananako lehen rappelean, soka finkoa eusten zuen loturetako bat atera zen eta ezin izan zion Felixi eutsi», kontatu zuen. Mendizalea 400 metrotik behera amildu zen ezinbestean.

«Beti jakin izan dugu mendia halakoxea dela, baina inoiz ez duzu pentsatzen zuri pasako zaizunik», onartu zuen Albertok, abailduta. Eta gorpua berreskuratzea ezinezkoa izango zela aurreratu zuen: «5.000 metroko garaieran jada ezinezkoa da, beraz, 6.100 metrotan… ez dugu planteatu ere egin».

Iñurrategi anaiak aski ezagunak ziren mendian arriskuak aurreikusteko usaimenagatik. GARAn, Antxon Iturrizak eman zuen albistearen berri, euren profesionaltasun eta zuhurtasuna goraipatuz. «Alpinismoaren kontzeptualizazio ia matematikoan bat egiten zuten biek. Euren planteamenduetan ezer ez zen zoriaren eskuetan uzten, ibilbidetik hasi eta ekiporaino, prestakuntza fisikotik elikaduraraino. Euskal alpinismoan, zaletasunaren eta profesionaltasunaren arteko muga markatu dute. (…) Une oro jakin dute zailtasunaren eta arriskuaren artean bereizten». Esaterako, K2, Annapurna eta Gyala Periko igoeretan atzera egin zuten.

Felix Iñurrategi abuztuaren 2an agurtu zuten Aretxabaletan. Herria txiki geratu zen euren samina partekatu nahi izan zutenentzat, eta isiltasuna izan zen nagusi elizkizunak eliza kanpotik jarraitu zituztenen artean ere. Senide, lagun eta jarraitzaileez gainera, kirol, kultura eta politika arloko hainbat pertsona izan ziren agurrean, eta Felixen heriotzaren oihartzuna luze eta zabal hedatu zen zazpi lurraldetan. Urte hartan bertan, Mikel Urdangarinek ‘‘Non geratzen den denbora’’ (‘‘Espilue’’ diskoan jasoa, 2000) kantua sortu zuen mendizalearen omenez, bere kantutegiko abesti ezagunenetarikoa bilakatu dena.

MENDIZALETASUNAREN PROFESIONALIZAZIOAN AITZINDARI

Iñurrategi anaien emaria ez zen, baina, 2000. urte hartan itzali. Ordurako aitortua zitzaien euskal mendizaletasunaren profesionalizazioan izan zuten eragina, baita ikus-entzunezko emanaldien bidez Himalaia euskal mendizaleengana gerturatzeko egin zuten lana ere.

Albertok bere bidea jarraitu du, eta alpinismoaren historian zenbait aitortza lortu ditu. Felix anaiarekin batera Everest igo zuenean, mendi hura oxigenorik gabe igo zuen lehen euskalduna bilakatu zen, eta baita gazteena ere, 24 urte baitzituen. 14 zortzimilakoak gainditzea 2002an lortu zuen, lorpen hura eskuratzen munduko hamargarrena bilakatuz; hamaika urte eskaini zizkion zeregin honi.

Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioa ere sortu zuen Karakorumeko garapen sozioekonomikoa bultzatzeko. Izan ere, Baltistan eskualdean dagoen Matxulu herriaren inguruko xerpak hautatu ohi zituzten Iñurrategi anaiek euren espedizioetarako. 3.000 metroko garaieran dagoen herri honetan mendi-eskola bat sortzea ere bada erakundearen xedeetako bat.

Albertok anaiaren omenezko hainbat ikus-entzunezkotan parte hartu du, eta Iñurrategi anaien inguruko argitalpenak ere ugari dira. Azkenak orain lau urte eskas ikusi du argia: 2020an, aretxabaletarraren heriotzaren 20. urteurrenean, bi anaien ibilbidea errepasatzen duen ‘‘Iñurrategi anaiak’’ (Sua, 2020) komikia argitaratu zen. Ia mende laurden bete da, beraz, Felix Iñurrategi hil zenetik. Baina joan... ez da sekula joan.



[1986] Las raíces de la deshabitación de Nafarroa

En julio de 1986, ‘‘Egin’’ publicaba un nutrido reportaje que ahondaba en el problema de la deshabitación de Nafarroa e, incluso, se ofrecían posibles soluciones para solventar el vaciamiento progresivo de los pueblos con menos habitantes. La pluma de la periodista iruindarra Pilar Yoldi daba cuenta de un estudio del Gobierno de Nafarroa sobre el tema que ahora, 40 años después de su publicación, destaca -o preocupa- por la actualidad que desprende.

Recuerda que el proceso de deshabitación comenzó en la década de 1950, con la atracción por lo urbano y la industria surgida alrededor de grandes núcleos como Iruñea, en la que los habitantes de estos pequeños pueblos veían una opción para mejorar su calidad de vida. Unas condiciones marcadas por la falta de servicios públicos que durante las últimas décadas no parecen haber cambiado.

El reportaje de Yoldi, escrito hace casi 40 años, nos da algunas pistas de la raíz de la despoblación de los pequeños pueblos de la Nafarroa actual y ahonda en las medidas que desde las instituciones podrían adoptarse.