Adikzio
Ez dakit uda ez ote den musika talde berriak ezagutzeko sasoirik onena; zuzenekoetan behintzat, baietz erranen nuke. Lehen kontzertu gehiago egiten zirela, urte osoan jaialdiak antolatzen zirela, egun ez dela hainbeste musika talde sortzen, gazteek ez dutela lehen bezala entseatzen... tira, halako eztabaidak zuen hurbilean ere izanen dituzue, ezta? Ez dakit «lehen» hori noiztik noiz arteko epoka den, «hainbeste» zenbat den ez dakidan bezala. Dakidana da ez naizela nehoiz posizionatzen, epel samarra naizela nehor ez mintzearren, beharbada. Itsasu eta Bidarraiko lau mutiko gaztek sortutako Maskak taldea entzun dut, “Adikzio” kantua gustatu zait: «Pantailak baitezpadakoak, jokoak beti presako, lagun artifizial horiekin harremanik ez delako, ez al zaik burura jin batzuetan hau guzia zertarako? Besta eta kirol joko, hau ez duk hire moduko. Haugi gurekin itzuliño bat, nahiz eta ez dukan gustuko, beharbada berant izanen baita hi konturatu orduko, uros eta depresio ai zonbat kontradikzio, bakoitzak bere ideiak dauzka, bada hainbeste bertsio, ikasi behar baita mugatzen, pasio eta adikzio». Eta hortxe pentsatu dut, «lehen» telebista pantailari itsatsita bizi ginela aldarri egiten zuten talde anitzek. Gerora adikzioak aldatu direla uste dut, gu ez hainbeste.