JUL. 29 2024 ARRAUNA Ligek bide-erdia eginda, hurbiltzen ari dira Urdaibai eta Arraunen txapelak Bermeotarrek, erdibidera iritsi den Eusko Label Ligan, zortzigarren bandera astindu zuten Lekeitioko estropada eremu «traizioneroan», eta donostiarrek, Euskotren Ligan sei proba geratzen diren unean, hamargarren garaipena ospatu zuten. Urdaibaik nagusitasuna erakutsi zuen hasieratik, olatuak «surfeatuz», baina Arraun Lagunak-ek, lehen aldiz, sufritu egin zuen. Arraun Lagunak, asko sufritu ostean, Lekeitioko banderarekin. (Jon URBE | FOKU) Imanol CARRILLO Aurreko igandean iritsi zen Euskotren Liga erdibidera, eta atzo, Lekeition, ailegatu zen Eusko Label. Bi txapelketetan gauza bat dago oso argi: Urdaibai eta Arraun Lagunak traineruek oso bideratuta dute ligetan txapeldun izatea. «Traizioneroa» eta «engainatzailea». Hala definitu zuten arraunlariek, estropada hasi aurretik, atzoko Lekeitioko estropada eremua. Urdaibaik nagusitasuna erakutsi zuen hasieratik amaiera, baina Arraun Lagunakek kostata eta azken unera arte indarrak mantenduz lortu zuen trapua, sei estropada eta bost bandera geratzen diren unean. Ohituta gaude bi taldeon garaipenez idazten, baina atzean dagoen lana ere aipatu behar da. Atzo, Lekeitio bezalako estropada eremu konplikatuan eta olatu gainean, Gorka Aranberriren gizonak aritu ziren surfean ondoen. Sailkapen nagusian aldeak handitu dituzte bermeotarrek, garaipenaz gain, Zierbenak ez zuelako bere eguna izan, eta bikain aritutako Donostiarraren eta bigarren txandatik oso lan txukuna egin zuen Hondarribiaren atzetik amaitu zuen, laugarren. Berdeek, larunbateko emaitza txarrarengatik atzo bigarren txandan, oso marka ona egin zuten, baina lehenengo ziabogan Urdaibaik apurtu zuen jada denbora hori. Hala, bermeotarrek pista libre izan zuten, atzetik Donostiarrak bakarrik jarraitu baitzien erritmoa lehen luzean. Hirugarrenean Zierbenak Hondarribiaren denbora hobetzeko aukera zuen oraindik, eta azken unera arte mantendu zuen esperantza, baina helmugan 37 ehuneneko aldea egon zen bien artean. Bestalde, Orio, ohorezko txandan, bosgarren posturaino jaitsi zen. Isuntzak antolaturiko estropada zen atzokoa, eta bertan, etxean, Lekittarrak proba ona egitea zuen helburu. Are gehiago larunbatean makal aritu ostean. Osertz Aldairen taldeak sekulako maila erakutsi zuen lehen txandan; ez, ordea, San Pedrok, azken postuan amaitu baitzuen. ARRAUN, SUFRITUTA Atzoko bandera asko sufrituta bereganatu zuen lider sendoak. Estropada hasieran olatuek estatxa eta balizekin arazoak sortu zituzten; eta donostiarrek lehen txandan amorrazioz aritutako Tolosaldearen denbora hobetzeko inoiz baino gogorrago lan egin behar izan zuten laugarren kaletik. Helmugan 4.96ko aldea baino ez zen izan bien artean. Emozioa eta polemikarako tartea ere egon zen ohorezko txandan, baina atzeko lehian. Bigarren luzean, epaileak bi aldiz ohartarazi behar izan zion Donostiarrari bere kalera itzultzeko, atzetik Orio baitzetorren bere bidetik. Ia-ia atzetik jo zuten elkar; horrek mirotzak haserrearazi zituen eta azkenean epaileak bandera urdina atera behar izan zien donostiarrei beren kalera itzultzeko. Helmugan, oriotarren haserrea oraindik nabaria zen, baina epaileek ez zuten zigorrik ezarri eta mirotzek laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.