GARA Euskal Herriko egunkaria
PARISKO OLINPIAR JOKOAK

Boluntarioak, «ametsa» betetzen ari diren iparrorratzak

Boluntariorik gabe ezinezkoa litzateke Olinpiar Jokoen antolaketa egokia. 45.000 daude Parisen, nazionalitate ezberdinetakoak, guztiak ametsa betetzen, zero euroren truke. Hausnartzekoa da milioika diru mugituko duen ekitaldi batean milaka lagunen borondate onaz aprobetxatzea. Beraiek, ordea, «ametsa betetzen» ari direla diote.

Lehen orrialdean, boluntario bat bide egokia adierazten. Lerro honen alboan, boluntario bat boleiboleko baloiarekin, eta azpian, boluntario talde bat atzerako kontaketako erlojuarekin argazkia ateratzen. (O. SCARFF - M. PIMENTEL - M. BERNETTI | AFP)

Atleta olinpikoa izan da Danny Silva portugaldarra. Surfaren erreinuan, Nazaren, jaioa, neguko kirol bat izan du ogibide: iraupen-eskia, Imanol Rojo tolosarrak legez, eta Turin eta Vancouverreko Neguko Olinpiar Jokoetan lehiatu zen, «emaitza apalarekin». Hauek, beraz, bere lehendabiziko Udako Olinpiar Jokoak dira. Pekin eta Tokiorako eskabidea bete zuen, baina ez zuten hautatu, bigarrenaren kasuan «koronabirusak asko zaildu zuelako beste herrialde batzuetako jendea sartzea».

Irribarrea ezin ezkutatuta dabil, disfrutatzen, gainerako boluntarioen artean sortu den giroa nabarmenduz. Komunikazio-taldean dago; hainbat herrialdetako pertsonek osatzen dute -frantsesak, argentinarrak, brasildarrak, txinatarra…- eta, hein handi batean, mundu mailako hitzordu handi honen esentzia ere islatzen dute. Alta, beraien sailkatze prozesua ere ez da samurra izan: milioi erdi eskabide egon dira (adinez nagusia izatea eta ingelesa eta frantsesa jakitea beste irizpiderik ez zegoen) eta 45.000 boluntario inguru daude Parisen zehar, gune ezberdinetan, bisitari, ikusle eta kazetarioi laguntzen.

Iparrorratza dira, zurrunbiloan egoki kokatu eta burua ateratzen jakiteko. Denetariko profilak daude, herrialde desberdinetakoak. Modu batean, beraiek ere badira Olinpiar Jokoen esentzia, itzalean lan egiten duten arren. Gustura daude itzal horretan, Jokoekiko daukaten miresmena baita euren bultzada, bai eta atleta eta kazetariekin harremana izatea ere.

SAILKAPEN PROZESUA

Eskabidea betetzeko irizpideak samurrak baziren ere, hautatua izateko prozesu luze bat pasatu behar izan dute. Eskabidea bete, elkarrizketak egin, formazioa egin… azkenean onartu zaituztela abisatzen dizuten arte. Danny Silvak atleten sailkatzeko prozesuarekin alderatu du, bere esperientziatik baduelako nola alderatu, aldeak alde, noski. Asko kosta zitzaion eskiatzaile moduan Olinpiar Jokoetara iristea -«10 urteko lan gogor baten ostean iritsi zen Turingo aukera», dio- eta bere hirugarren eskabidean onartu diote boluntario txartela. 50 urte ditu eta oraingo lekutik esperientzia sakonago bizi nahi du, aukeran «antolakuntzako eremu batean lanean. Cortina d'Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoetan egotearekin egiten dut amets, ahal dela lanean eta, noski, Los Angelesera ere joan nahiko nuke».

«Azkar erantzun zidaten eta sekulako poza hartu nuen», adierazi dio GARAri Marie Johier gazteak. Bretainiakoa da, Le Normand bezala, eta komunikazioa eta ekitaldien kudeaketako ikasketak egiten ari da. «Kirola maite dut», adierazi du boluntario izateko grinaren arrazoi nagusi gisa, baina badago beste asmo bat ere: «Komunikazioa eta ekitaldien kudeaketako ikasketak egiten ari naizenez, uste dut esperientzia hau baliagarri izango zaidala gerora». Alboko kideak zehaztu du irribarrea ezin kenduta sartzen dela komunikabideentzat ahalbidetu duten gune nagusira. Johier-ek berak baieztatu du, gozatzen ari dela gehituz eta kontaktua eduki duen kide guztiak «oso jatorrak» izan direla erantzunda.

«Guztiok gaude arrazoi komun batengatik lanean», adierazi du, pozik, Parisko Olinpiar Jokoen ingurumarian bere aletxoa jartzeagatik. Oro har, beraien arteko giroa halakoa da; ametsa betetzen ari dira, milaka atletak egiten duten bezala. Olinpiar Jokoak bizitzeko beste modu bat da eta erantzukizuna ere halakoxea da.

«Beraien kemen eta energiari esker, boluntarioen lana giltzarria izango da Paris 2024 ekitaldiaren arrakastan eta esperientzia gogoangarria izaten lagunduko dute». Hau da, hain zuzen ere, boluntarioak erakartzeko antolakuntzak bidali duen mezua. «Boluntarioak dira Olinpiar Jokoetako aurpegi, arima, bihotza eta irribarrea», gehitzen dute.

Paris 2024ko orrialde ofizialean atal bat dago propio boluntarioentzat, beraien egiteko nagusiak zerrendatuta: Olinpiar Jokoen bueltan lanean ari den interesatu ororen esperientzia kalitatea babestea, kirol ekitaldien inguruko aktibitatean proaktiboa izatea -estatistikak, ranking-ak, hasierako hamaikakoak banatzen; atletak artatzea, izan prentsarekin hitz egiteko edo dopin-aren aurkako kontroletan- eta antolakuntza arina ziurtatzea.

%100EAN BOLUNTARIO

Segurtasun agenteez gain, gune hauek milaka boluntariorekin osatuta daude. Guztiok bilatzen ditugu Paris 2024 zigilua daukaten kamiseta berdeak, edozein arazoren konponbide bila. Estadio kanpoaldeetan, kirolarien eremu mistoan, Hiri Olinpikoan… «Neguko Olinpiar Jokoetan atleta gisa egon nintzenean boluntarioekin sortzen den giro atsegina izan zen gehien gustatu zitzaidana», adierazi du Silvak. Horrek harrapatu zuen eta bere azken hitzordu olinpikoan lehiatu eta 14 urtera, bera da orain boluntarioa.

Zalantza apurrik bazegoen, %100ean dira boluntarioak; hau da, inolako diru-ordainik gabe lan egiten dute, txandaka. Pentsa, komunikabideentzako prentsa gune nagusia 24 orduz dago irekita, 10.000 kazetari akreditaturentzat. Dena dela, mugimendu gorena irekiera ekitaldiaren aurretik egon zen. Lehendabiziko eguna zen kazetari askorentzat eta arazoak biderkatu egin ziren. «Dena prest edukitzeko, Jokoak hasi aurreko bi asteak zoramena izan ziren», onartu du Simon Morrisot britainiarrak, «baina orain lasaiegi gaude».

Bai, ur botila bat eskuan, berriketan, aulkiak bere lekuan jartzen batzuk, zaborrontziarekin mahaiz mahai zaborra jasotzen eta gertatzen denari adi daude, jarduera murriztu denez, kirol ekitaldiren bat ikusteko aukerarekin amets egiten duten bitartean. Talde-kirolak maite dituzte Morrisot eta Matthieu Chapeauk, baita eskrima ere. «Olinpiar Jokoen parte izateko aukera bakarra boluntario izatea delako» daude hemen, «zeren eta kirolari bezala argi dago ezetz», diote barrezka.

Alboan daukate beste kide bat, teknologian aditua. Dena ongi doala esan du, disfrutatzen ari dela eta teknologia taldean dagoela, edozein arazo teknologiko konpontzeko prest. Hain prest, ezen solasalditik atera behar izan baitu kide bati laguntzeko. Jarduera jaitsi den arren, ez da guztiz gelditu; Olinpiar Jokoen zurrunbiloa hain da handia…

NAHIKOA BALORATUA AL DAGO?

Buruhauste handiena da ea nahiko baloratua ote dagoen boluntarioen lana edota antolatzaileak aprobetxatu egiten ote diren ametsa bete nahi duten horien borondateaz, apenas dirurik xahutu gabe. Pentsa aurrekontuan nolako igoera suposatuko luketen beste 45.000 langileren soldatek -8 orduko lanegunak dituzte- eta ostatua ordaintzeak, 18 egun baino gehiagoz -Jokoak hasi baino lehenagotik daudelako-. Ongi irakurri duzu, bai, ostatua eurek ordaindu behar izan dute. Michel Cadot, Olinpiar Jokoen barne ministerioko delegatuak, tinko esan zuen «boluntarioek hasieratik bazekitela ez zitzaiela ostaturik emango, euren kabuz moldatu behar izango zutela». Alegia, batzuek poltsikoak beteko dituzten bitartean, beste batzuk beren borondate onez eta dirua xahutuz ari dira gainontzekoen esperientzia hobetzen.

Boluntarioak, ordea, konforme daude. Auzolan baten parte sentitzen dira, nahiz eta milioika euro mugituko dituen ekitaldia den. Zirkuitu honetan sartu dira, izena eman duten milioi erdi pertsonen artetik hautatu dituzte, Olinpiar Jokoak barrutik ezagutzeko aukera daukate. «Zortekoak» dira. Gainera, Silvak nabarmendu du garraio publikoan ibiltzeko txartela daukatela eta, kasu batzuetan, ekitaldiak ikusteko aukera ere badaukate: «Noski, ez daukagu lehentasuna; ekitaldi batzuek eskaera handia daukate eta horren arabera joan ahal izango gara ala ez». Bestalde, gunez ere alda daitezkeela adierazi du, beste zereginen bat probatzeko eta egonaldia samurtzeko.

Organizazioa aprobetxatu egiten den edo ez, hausnarketa hori albo batera utzita, Danny Silvak uste du beraien lana, itzalean egonagatik ere, nahikoa baloratzen dutela Olinpiar Jokoetan murgilduta dauden kideek. Esker oneko hitzak jasotzen dituztela-eta, pozik agertu da, horrek are garrantzitsuago bilakatzen baitu bere zeregina. Barneratu behar den ideia da 45.000 pertsona hauek ezinbesteko iparrorratzak direla eta, nolabait, Olinpiar Jokoen izaera herrikoia, irabazi-asmorik gabekoa, mantentzen duten talde bakanetakoa izango dela.