GARA Euskal Herriko egunkaria
ALL OF US STRANGERS

Narratiba eta estetika hipnotiko baten sareetan


Badira zirrara berezia eragiten duten lanak; ikusi eta hurrengo egunetan, oroimenetik ezin kendu, garunean bueltaka darabiltzadan film mota horiek, alegia. “All of Us Strangers” horietako bat da.

Adam gidoilaria da eta apartamentu-multzo oso bitxi batean bizi da Londresen. Eraikin osoan bera eta Harry izeneko bizilaguna bakarrik bizi dira. Bere haurtzaroan oinarritutako nobela batean lanean ari da, eta inspirazio iturri gisa gurasoekin batera ez hezteak eragiten duen oinazean sakontzea erabakitzen du. 12 urte zituela auto istripu batean hil ziren biak.

Fantasiarekin eta metaforekin jolastuz, nostalgia, mina eta amodioa uztartzen dituen gidoi oso berezia osatu du Andrew Haigh-ek. Hori bai, proposatzen dituen arauak eta elementuak hasieratik onartu behar dira, bere filosofia propioa duelako; hori egiten ez baduzu, akaso, proposamen “martziano” samarra irudituko zaizu. Hasiera batean, gurasoekin elkartzearen baliabide narratibo hori bitxi samarra den arren, baita arraroa ere, gerora zoragarria iruditu zait. Asko elikatzen eta aberasten du gidoia. Haurtzarora egindako bidaia horiek, hildako gurasoekin berriro topo egin, eta bisita bakoitzean, txikitan esan ez ziren gauzak argitara atera ahal izatea bikaina iruditu zait. Kontakizunak aurrera egin ahala, narratiba eta estetika hipnotiko baten sareetan guztiz harrapatua geratuko zara, ezin izango duzu begirada pantailatik inongo momentutan kendu. Andrew Scott eta Paul Mescal aktoreen lana guztiz txalogarria da, bereziki Scottena; garunean, eta batez ere bihotzean, betiko iltzatua geratuko zaizun antzezpen horietakoa egiten du. Maitasunari, bakardadeari eta galerari buruzko film mingarria da. Estetika ederrekoa, sotila, delikatua, gogorra. Harribitxia iruditu zait, 2024an ikusi dudan filmik onenetarikoa.