GARA
BILBO

Greba amaitu dute Bilboko kiroldegietako mantentze lanetan

Bilboko kiroldegietako mantentze lanetako langileen batzordea eta Giroa-Ansareo enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkartea akordio batera heldu ziren atzo eta, modu horretan, 72 eguneko grebari amaiera eman zioten.

ELA sindikatuak adierazi zuenez, «ekainean UGTk, LABek eta CCOOk sinatutako hitzarmen probintziala hobetuko da hitzarmen propioarekin». Edukiei dagokienez, KPItik gorako soldata igoerak izango direla nabarmendu nahi izan zuen: 2023rako %5,7ko soldata igoera, 2024rako %3,6koa, eta hurrengo lauetarako KPI gehi %0,75eko eta %0,25eko igoera aldakorra. Indarrean den bitartean, gainera, lanaldia murriztu egingo da, 1.592 ordura iristeko 2027an.

JAIEGUNETAKO PLUSA

ELAren esanetan, langileen beste aldarrikapen nagusietako bat jaiegunetako plusa hobetzea zen, «eta hemendik aurrera lan egindako jaiegun bakoitzeko 80 euro izango dira. Gainera, lan egindako igandeak lanegun arrunt gisa kobratzen zituzten. Hemendik aurrera, 60 euro kobratuko dituzte 2024an eta 2025ean, 70 euro 2026/27an eta 80 euro 2027an».

Sindikatuak «oso positibotzat» jo zuen akordioa eta azaldu zuen Derion, Bermeon, Elorrion, Sopelan eta Leioan lortu direla akordio propioak, baldintzak hobetzeko.