AUG. 02 2024 BEIST Ametsak zapuzten direnean G.I. HERNANI Heimebane’’ izeneko telesaila Norvegiako telebista publikoaren nazioarteko arrakastarik nabarmenetako bat izan zen. Futbolaren gaia zuen oinarri, baina bazuen berezitasun bat: gizonezkoen futbol ligan entrenatzen hasi zen emakumezko bat zela protagonista, horrek suposatzen duen guztiarekin. Telesaila aparta da, biziki gomendatzen dizuet. Bada, sei urte geroago, NRK telebista publikoak “Beist” (“Bestia”) telesaila estreinatu du. Futbol munduan girotuta dago hau ere, baina ikuspegia zeharo desberdina da: oraingo honetan, jokalari gisa ibilbide profesionala hasi nahi duten gazte batzuk kokatu dituzte narrazioaren erdigunean. Michael Stilson futbolari profesional ohiak idatzitako eleberri trilogiaren egokitzapena da. Futbolean ibilbide profesionala izatearekin amesten duten 16 urteko bi lagunen istorioa azaltzen du, eliteko futbolari izan nahi duten jokalari gazte batzuen ametsak, lorpenak eta porrotak islatzen dituena. “Hjerteslag” telesailaz geroztik, Ole Sebastian Kåss sortzaile norvegiarrak zuzendu duen bigarren telesaila da.