AUG. 02 2024 JOPUNTUA Espainia ospatzen Alberto MATXAIN BERAZA Iritziko erredaktorea Harritu nau zenbait herrikide Eurokopan selekzio espainolaren arrakastak ospatzen eta Olinpiar Jokoetan haien kirolariak jarraitzen ikusteak. Bakoitza libre da nahi duena ospatzeko, jakina, edo hala izan behar luke, gogoratu behar baitugu euskal selekzioek ezin dutela nazioarteko lehiaketetan parte hartu, eta ezin dutela, hain zuzen ere, hamarkadetako beto espainolaren ondorioz. Betoa jartzen dizun norbaiten arrakasta ospatzearen perbertsitateaz harago, egoerak edozein koinatu fatxaren ohiko irteera gogoratzen dit, «¿Qué pone en tu DNI?». Selekzioaren aferak bezala, galdera erretoriko honek biribil laburbiltzen du auzia: inposizio bidez gara espainolak edo frantsesak, 78ko erregimenaren eta Errepublika frantsesaren funtsezko oinarria den inposizio bidez, alegia. Eurokoparen testuinguruan GAUR8n argitaratutako artikuluan, Ramon Sola lankideak abertzaletasuna ikuspuntu positibotik indartzea eta euskal selekzioen aldarrikapena berreskuratzea planteatu zuen, inoren garaipen edo porrotak itxaron gabe. Uste dut susperraldi honek afera eskubideen eta sakontze demokratikoaren ikuspegitik planteatu behar lukeela, maila sozialean esparru abertzaletik kanpo kokatzen diren herri sektoreen inplikazioa bilatuz. Urrunago joanda, kontuan izanda Euskal Herriaren independentziaren alde gaudenon helburuak gure selekzioaren izaera ofizialaren lorpenetik harago doazela, eta ikusita zein den indar harremana erkidego bakoitzean, artikulazio mota hau beharrezkoa izango da independentziarantz aurrera egiteko. Kataluniako procés-ak herrialdeko erakunde nagusien eta oinarri sozial oso potente baten artikulazioaren ahalmena eta mugak erakutsi zituen. Aldebikotasunaren eta aldebakartasunaren uztartzetik, indar politiko eta sozial handiagoa (eta maila guztietan botere gehiago) beharko da oztopo handiak gainditzeko. Gaur egun utopikoa dirudi, baina ez dezagun ahaztu utopiek mugitzen dituztela herriak. Euskal selekzioak, onarpena nazio gisa eta erabakitzeko eskubidea. Demokrazia eta eskubide kontua delako. Egoerak edozein koinatu fatxaren ohiko irteera gogoratzen dit, «¿Qué pone en tu DNI?». Selekzioaren aferak bezala, galdera erretoriko honek biribil laburbiltzen du auzia: inposizio bidez gara espainolak edo frantsesak