Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Beldurrarekin ziria sartzen

Beldurrezko generoa gustuko dugunontzat egun berezia da gaurkoa, izan ere, “Longlegs” filma estreinatuko da. Gaurko zutabea beldurrezko zinemaren inguruan sortzen denari buruzko hausnarketa txiki bat egiteko baliatuko dut.

“Urteko filmik beldurgarriena”; amua heltzeko helburuz, azken urteotan genero honetako ekoizpen bat estreinatzen den bakoitzean, esaldi horrekin bonbardatzen gaituztela ohartuko zinen. Ez hori bakarrik, erabiltzen dituzten trailerrak eta irudiak ere ileak puntan jartzeko modukoak izaten dira. Filmak estreinatu eta ikusten ditugunean, ordea, “ez zen hain beldurgarria” pentsatu izan duzue askotan. Harritzeko dugun gaitasuna galtzen ari garela diote askok, eta hori dela arrazoi nagusia, ikus-entzunezko edukiak gero eta gehiago, gero eta azkarrago kontsumitzen ditugun gizarte honetan, segundoero era guztietako irudi bortitzak irensten ditugulako.

Gauza gutxik sortzen dute harridura gaur egun, eta are gutxiago beldurra. Baina, nire ustez, beste alderdi batek du erru handiena: marketin kanpaina tranpatiak. Filmak sustatzeko erabiltzen dituzten trikimailuak sarritan iruzurtiak iruditzen zaizkit. Oso erraza da teaser ilun bat sortzea edo kartel deigarriak diseinatzea jendea erakartzeko, baina gero zer? Goza dezagun beldurrezko filmekin, baina aurreiritzirik gabe. Ez egin jaramon handirik promozioei eta trailerrei.