GARA
LARRABETZU

Festazaleentzat abuztu hasierako plazak: Larrabetzu, Erromo, Oiartzun eta Getaria

Bizkaiko herri asko jaietan murgilduko dira abuztuko lehen asteburuan. Larrabetzun Gazte Eguna ospatuko dute bihar, eta Erromon eta Berangon jai egitarauarekin jarraituko dute. Gipuzkoan, berriz, xanistebanak abiatuko dira gaur bertan, eta amaitzean, hilaren 6an, Getarian jaietako egun handia ospatzen ariko dira.

Atzo, bazkalostean bertso saioa izan zen Erromon.
Atzo, bazkalostean bertso saioa izan zen Erromon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Larrabetzuko Gazte Egunak ez dio hutsik egingo aurtengo hitzorduari eta bihar ospatuko da, betiko eskemari jarraituz baina inoiz baino indar handiagoarekin. Egun osoko jai honen helburua Hori Bai gaztetxeak urtean zehar egindako lana ospatzea da, baita gaztetxeen eta gune autogestionatuen garrantzia agertzea ere. Ekitaldi hau erreferentzia bilakatu da Euskal Herria osoan, eta ehundaka gazte elkartu ohi dira bertan.

Hala ere, gazteez gain, antolatutako ekintzetan gainerako herritarren parte hartzea ere sustatzen dute eta helburu horrekin prestatzen dute egitaraua. Horrela, goizean Kittu taldeak gaurko eta betiko euskal kantak eskainiko ditu. Eguerdian bazkaria egingo dute. Arratsaldean olinpiaden txanda izango da, eta ondoren Distopia elektrotxarangak girotuko du jaia.

Gauean, azkenik, ekitaldi publikoa egingo dute, eta ondoren kontzertuak hasiko dira. Aurten Euskal Herriko zein Katalan Herrietako musika talde eta DJen eskutik: Tatxers, Hofe X 4:40 eta Les Testarudes taldeak, eta Keep-a, Alvva eta Lamiamari DJak.

Erromon, bestalde, jaietako bigarren asteburuan sartuko dira asteburu honetan. Horrela, gaur kuadrilla eguna ospatuko dute jubilatuen bazkariarekin eta elkartasunezko barbakoa eta taloekin. Gauerako, Auxili taldearen eta Nonbait erromeriaren emanaldiak iragarrita daude.

Bihar, musika eta dantza emanaldiez gain, Putxera lehiaketa ospatuko dute. Arratsaldean bertsolarien eta Metal Fest jaialdiaren txanda izango da, eta gauean Reggae jaialdiarena.

Berangon ere joan zen astean hasi ziren Santa Ana jaiak ospatzen. Asteburu honetan Santo Domingo jaiei ekingo diete, haurrentzako jolasak, bertsolariak, kuadrillen jaitsiera, futbol eta pilota partidak, dantzariak eta hanburgesa janarekin. Gauean Kresala taldearekin erromeria izango dute.

Bihar, kantu jira eta umeen zein helduen bazkari herrikoiak izango dira lehenbizi, eta arratsaldean mariatxiak, txokolate jana eta Muxutruk taldearekin erromeria.

Igandean (abuztuak 4), hamaiketakoa izango da aitite eta amamentzat, dantzariak, gazteentzako parkea, guatekea, idi-probak eta kontzertua. Astelehenean (abuztuak 5) kuadrilla eguna ospatuko dute paella eta erromeriarekin. Eta jaietako azken eguna hurrengo igandean izango da (abuztuak 11), bakailao egun herrikoia ospatuko baitute berangarrek.

OIARTZUN ETA GETARIA

Heldu dira Oiartzungo bost egun berezienak. Gaurko egunarekin hasita, kaleak kolorez eta jarduerez beteko dira, oiartzuarren eta bertaratzen direnen gozamenerako. Gaurko suziriaren ondoren, jaiegun bakoitzak bereizgarri bat eta zer nabarmendua dauka.

Xanisteban egunean, abuztuak 3, Lartaun txistulari taldearen 47. kontzertu herrikoia edota auzo arteko 36. sokatira txapelketa. Baserritar egunean, abuztuak 4, kutsu tradizionaleko ekimenak dira nagusi: azoka, sagardo eta pintxo lehiaketa, Oiartzungo harriarekin egindako idi dema, herri kirolak... Gazte egunean, abuztuak 5, bazkaria eta jolasak prestatu dituzte, baina gazte ez direnek ere zeregin ugari dute, esaterako, bertso jaialdia, Kantu Kantari ekimena edo arin-arin eta fandango txapelketa. Azkeneko eguna, abuztuak 6, haurrena da: esku pilota eta areto futboleko finalak, txokolate jana, jolas parkea...

Abuztuaren 6ko gauerdian ikurrinaren goratzea egingo du San Juanetako Festa Batzordeak eta Tonpe Guraso Elkarteak Getarian, eta etxafuegoa botako dute. Ez da suziri bakarra izango, abuztuaren 5a Haur eta Gazteen Eguna izanda, haurren txupinazoa botako baitute, eta txosnak ere beste batekin irekiko dute eguerdian. Gazteen herri bazkariaren ostean, kuadrillen arteko olinpiadak jokatuko dituzte herrian barrena, tartean, III. kaña-karrera egingo dute.

Lehenengo gauaren ondoren, gaupaseroen argazkiak hasiko du Salbatore Deunaren Eguna. Aipagarriak dira alkatearen ohorezko aurreskua, musika bandaren kontzertua, eskuz binakako pilota txapelketa, bakarrizketak edo bertso saio musikatua. Gastronomia da abuztuaren 7ko goizeko protagonista, eta arratsaldean, berriz, jolasak nagusi: kukaña eta kuadrillen arteko II. sokatira lehiaketa.