AUG. 03 2024 DOGMAN Mowgli, Joker eta Edith Piaf film berean? Gaizka IZAGIRRE Batman”-en pelikula batetik irtendako antiheroi baten istorioa, iraganeko traumei buruzko hausnarketa dramatikoa, alegia animalista bat, Shakespeareren eta Drag Queenen mundua maite dituen artista baten kontakizuna ala mendekurik odoltsuena burutzeko prest dagoen gazte bati buruzko thriller psikologikoa? Lasai, erraza da, ez duzue aukeraketarik egin behar, Luc Bessonek elementu horiek guztiak koktel berean sartu eta “Dogman” filma sortu baitu. Oso erakargarriak diruditen osagai horiekin, zoritxarrez, nahaste-borrastea osatu du. Oso eszentrikoa da, nahasgarria eta gaiaren tamaina ikusita, baita erredukzionista samarra ere. Haurtzaro gogorra eta latza izan duen Douglas Munrow izeneko gazte baten bizitza azaltzen du. Minez betetako iragana atzean utzi eta, haurra, helduarora iritsiko da, txakur-talde batek hazten duen bitartean. Caleb Landry Jonesen pertsonaiak, psikiatra batekin duen elkarrizketatik abiatuta, film osoa “flashback” moduan azalduta dago. Txakurren alderdi horri ez zaio apenas etekinik ateratzen. Animaliek eraso egiten duten uneak ez dira batere sinesgarriak, eta burutzen dituzten ekintzek -lapurreta adibidez- Disneyren ekoizpen bateko eszenak dirudite. Oro har, eszenaratze txukun eta zuzendaritza lan zorrotzagoa falta zaio filmari. Nabarmenena Landry Jonesek egiten duen lana da, guztiz magnetikoa. Arazoa zera da: pertsonaia berean Mowgli, Edith Piaf eta Joker uztartu nahi izan dituela Bressonek eta oso nahasketa arraroa geratu zaio. Douglas Munrow samurra da, baina bortitza ere bai aldi berean; ez dakigu maitatu ala gorrotatu egin behar dugun. Istorioak indar ikaragarria duela iruditzen zait. Film bikaina izateko aukera asko zituen, baina erdipurdiko zerbait geratu zaio zinemagile frantziarrari.