Lorea
Irudikatu ondokoa: misil batek zartaturiko auto baten aurreko beira kraskatutik buru gabeko gorpu bat ikus daiteke. Haren ondoan beste gorpu bat egon beharko litzateke, baina ezinezkoa da auto-hondakinen artean ezer bereiztea. Ismail al-Goulena Al Jazeerako kazetaria eta kamera lanetan zebilen Rami al-Rifi Shati errefuxiatu esparruan zebiltzan asteazkenean, Israelek Teheranen (Iran) hildako Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagi politikoaren Gazako etxetik gertu, haiek ere armada okupatzailearen biktima bihurtu zirenean. Kontua galdu dut zenbat buru gabeko gorpuen argazkiak heldu zaizkidan Israelek palestinarren genozidioari ekin zionetik. Haien artean dago Abdul aitaren besoetan agertzen den 18 hilabeteko Ahmad al-Najar haurtxoarena (Ahmadekin batera hil zituzten ama, arreba eta anaia). Abdulek berak eskatuta hasi ziren Ahmad txikiaren buru gabeko gorpuaren argazkiak gizarte sareetan zabaltzen, munduak ikus zezan Israel egiten ari den krimenen larritasuna. Handik gutxira argazki hartan oinarrituriko marrazki bat agertu zen. Marrazkiak, ordea, aldaketa txiki bat zekarren: Ahmad txikiaren buruak egon behar zuen tokian lore gorri bat azaltzen zen. Jazartzailearen indarkeria eta biktimaren duintasuna, keinu txiki batek adierazita. Halako marrazkiak ugaritu egin dira azken asteetan, tamalez.