Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

"LUGAÑENE" NAHIERAN, ETA BIGARREN LIGA PARALELOAN, EA NOR LEHENAGO

Euskotren Ligako bandera guztiak astinduta, Arraun Lagunak nagusi da. Atzetik, «nahi eta ezinean» dabiltza Tolosaldea, Orio eta Donostiarra. Lehenengo txandan Hondarribia da buruan, eta kanporaketak saihesteko borroka estuan dabiltza Hibaika eta Cabo. GARAk Nadeth Agirre eta Eli Pescadorrekin aztertu du gorengo liga.

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia, joan den igandeko Lekeitioko estropadako bandera astintzen arraunlarien aurrean.
Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia, joan den igandeko Lekeitioko estropadako bandera astintzen arraunlarien aurrean. (Jon URBE | FOKU)

arraun Lagunak koska bat gorago, eta, bigarren liga paralelo batean, ea zein lehenago» lerroburu hori eman dio Nadeth Agirre (Orio, 1993) Orioko patroi ohiak Euskotren Ligari. Eta Eli Pescador (Errenteria, 1982) Arraun Lagunakeko eta Hibaikako arraunlari ohiak gehitu du «beheko zatian ere emozioa badagoela», Hibaikaren eta Caboren arteko borroka nahiko piztuta baitago. Arrauna iaz utzi zuten Agirrek eta Pescadorrek. Errenteriarrak «inbidia pixka bat» badu estropadak ikustean; oriotarrak, aldiz, «ez hainbeste». Joan den astean Orioko patroi ohiaren fitxa Euskotren Ligako orrian ikusteak zurrunbiloa eragin du arraun munduan, baina segituan itzali du sugarra Agirrek: «Orain atera da, baina uda hasi zenean esan zidaten ea badaezpada egingo nuen. Ez dut bueltatzeko asmorik».

Arraun Lagunak nahieran ari da. Orain arte jokatutako bandera guztiak astindu ditu. Pescadorrek eta Agirrek nabarmendu dute aurten “Lugañene” «bereziki azkar» dabilela. «Bilboko erlojupekoan ateratako aldeak... Ez dut uste gainerako traineruen maila jaitsi denik, Arraun Lagunak oso azkar dabilela baizik», esan du errenteriarrak. Aldi berean, oriotarrak nabarmendu du «heldutasun puntu bat» irabazi dutela, «arraunlari osoagoak» direla eta esperientzia dutela: «Tolosaldearekin parez pare dagoenean, beste puntu bat du, eta heldutasunean irabazten diete». Horrekin bat eginez, Pescadorrek gaineratu du atentzioa eman diola entrenatzeko garaian emandako aldaketak: «Bakoitzak badaki zer eta nola egin behar duen. Despisterako aukera gutxiago dago, jakinda estropada guztietan tentsioa mantentzea zaila dela».

Nahi eta ezinean dabiltzanak «bigarren liga paralelo batean» dauden ontziak dira: Tolosaldea, Orio eta Donostiarra. Barnealdeko ontzia izan da gehien hurbildu zaiona “Lugañene” traineruari, eta haiek daude bigarren postuan sailkapenean, Oriorekin puntuetan berdinduta. Oriotarrak, bihotzari jarraituz, adierazi du bere herriko traineruaren alde egingo duela bigarren posturako: «Tolosaldea izan da Arraun Lagunaki gehien hurbildu zaiona, baina, baita ere, bi estropadetan ohorezko txandatik kanpo egon dena. Talde gaztea da, urteak doaz bloke berdinarekin, baina esperientzia eta heldutasuna falta zaie, etorriko zaiena». Errenteriarrak Agirreren iritzi bera du Tolosaldeaz; gertuen egon dena bai, baina erregulartasuna falta zaiola ere bai. Hala ere, Tolosaldearen alde egin du bigarren posturako: «Estropada onak egin dituzte. Baina askotan urduritasunak, presioak... momentu zailenetan gain hartzen ditu, eta kosta egin zaie erregulartasunari eustea».

«SALTSA PIXKA BAT»

Arraun Lagunak eta Tolosaldea ontziekin podiuma osatzen du “Txiki” traineruak. Orioko patroi ohiak adierazi du, gutxiago diren arren, blokea mantentzeko talde hobea eduki dutela: «Txandakatzeen aldetik aldaketa gutxiago izan dituzte, eta horrek laguntzen du. Oraindik esperientzia eta lotsagabekeria izateko talde gaztea da. Bilakaera politean daude, eta hobetzeko marjina duen taldea da». Ohorezko txandako azken ontzia Donostiarra da. Rufo Urtizberearen -datorren denboraldian ez du jarraituko Donostiarran- aldaketek atentzioa eman diote arraunlari ohiari, ez hainbeste arraunlarien aldaketek, posizioenak baizik. «Azken hiru estropadetan Rufo bere taldea aurkitzen ari da, eta horrekin batera, gero eta txukunago ari dira, gero eta hurbilago goiko hiru ontzietatik». Inork lapurtuko al dio bandera Juan Mari Etxaberen taldeari? Errenteriarrak erantzun du «ezetz». «Baldintza txarragoak ziren kaleetatik arraun eginda ere irabazi dute...». Oriotarrak ere «zaila» ikusten du, baina hauxe adierazi du barre artean: «Ea Arraun Lagunakek galtzen duen, saltsa pixka bat jartzeko...».

HIBAIKA-CABO

Lehenengo txandan Hondarribia da nagusi. «Sorpresa oso polita» eraman du “Ama Guadalupeko” ontziarekin Pescadorrek, batez ere Bilboko, Getxoko eta Lekeitioko estropaden ondoren. «Motibatuta» daudela esan du Agirrek, eta ohorezko txandan sartzeko asmoarekin. Kanporaketak saihesteko lehia betean ari dira Cabo eta Hibaika. Errenteriako ontzia dago aurretik, eta Boirokoa hiru puntura du. Pescadorrek esan du «dezente» eragiten duela itsasoaren egoerak: «Bare dagoenean Hibaika Caboren aurretik dago. Zakarra edo itsusia baldin badago, aldiz, hor zalantzak egon daitezke, batzuetan Hibaikak huts egiten baitu. Orain ikusi behar, itsasoko estropadak datoz-eta». Agirrek Errenteriako taldearen alde egin du. “Madalen” trainerua «pixka bat gorago» ikusten du. Tiran azken ontziaren inguruan, biek bat egin dute esanez iaz baino hobeto ari direla, baina oraindik ere, hemengo taldeekin alderatuta, «maila bat azpitik».