Alaia SIERRA
GASTEIZ

Oroimen Zentroari saria «iraingarria eta umiliagarria» dela salatu dute

Memoria Osoa plataformak atzo eguerdian egindako elkarretaratzean Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimen Zentroari hiriaren Urrezko Domina ematea arbuiatu zuen. Udalak astelehenean emango du saria. «Bizikidetza ereduaren aurkako erasoa», «iraingarria» eta «umiliagarria» da, plataformaren ustez.

Biktima guztiak kontuan hartzen ez dituen zentroari Gasteizko Urrezko Domina ematearen aurka mobilizatu ziren.
Biktima guztiak kontuan hartzen ez dituen zentroari Gasteizko Urrezko Domina ematearen aurka mobilizatu ziren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Datorren astelehenean, Gasteizko jaietako egun nagusian, hiriaren Urrezko Domina emango du Udalak. Aurten Terrorismoaren Biktimen Oroimen Zentroak jasoko du saria. Euskal Herriko oroimen memorialisten eta Estatu indarkeriaren biktimen 15 elkartek osatzen duten Memoria Osoa plataformarentzat, ordea, «bizikidetza ereduaren aurkako erasoa» da. Hala salatu zuten atzo eguerdian Arabako hiriburuko plaza Berrian egindako elkarretaratzean.

Martxoak 3 Elkarteko kide den Nerea Martinezek plataformaren izenean bertan adierazi zuenez, «iraingarria» eta «umiliagarria» da erakunde publiko batek «inposatutako» zentroak bultzatzen duen «diskriminazioa eta bazterketa» saritzea.

«Gasteizko Udalak, alkatea buru duela, memorialaren fundazioaren planteamendu diskriminatzailea eta baztertzailea saritzean, zalantzarik gabe, euskal gizarteak bere aniztasunetik elkarbizitza eraikitzeko prozesuari kontrajartzen zaio», adierazi zuen Martinezek. «Eraikitzen ari garen elkarbizitza horrek guztion sufrimendua errespetatu behar du, pertsona guztien giza eskubideak bermatu behar ditu, bazterketarik gabe eta gertatutako guztiaren memoria izan behar ditu oinarri, ez errepikatzearen berme gisa, besteak beste», gaineratu zuen.

Azpimarratzekoa da Gasteizko Oroimen Zentroak alde batera uzten dituela, adibide bat aipatzearren, 1976ko martxoaren 3an Polizia españolaren esku Arabako hiriburuan bertan hildako bost langileak, eta gogoan ditu Luis Carrero Blanco militar frankista eta Meliton Manzanas polizia, Gestapo naziaren laguntzailea.

EH Bilduk ere, Arabako hiriburuko Udalean lehen indarra izan denak, erabakia kritikatu du; izan ere, Memoria Osoak bezala, zentroak «ikuspegi partziala elikatzen du, eta ez du bake eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan laguntzen».

Sariaren aurkako jarrera erakusteaz gain, mobilizazioan Gasteizko Udalari, klase politikoari, erakundeei eta gizarteari oro har gogorarazi zieten «frankismoan, trantsizioan eta ustezko demokrazian Estatuaren indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimek aitortza ofiziala jasotzeko prozesu batean murgilduta jarraitzen dugula, hainbat legeren bidez».

BIKTIMA GUZTIEN AITORTZA

Gainera, horrelako ekimen publikoen bidez «biktimak kategorizatzeak eta diskriminatzeak» elkarbizitzari mesederik ez diola egiten uste du Memoria Osoa elkarteak. Nabarmendu zuten, beraz, «ezinbestekoa» dela «orain arte baztertuak izan diren milaka biktimen aitortza ofiziala egitea eta ikusgarritasuna lortzea».

Prozesu hori, ordea, botere publikoek «bultzatu eta erraztu» behar luketela argi utzi dute. «2024. urtean milaka biktima oraindik aitortza publiko eta ofizialik gabe egotea anomalia politikoa da», esan zuen Nerea Martinezek.