AUG. 04 2024 ARRAUNA Zaharrak berri, Castron: Urdaibai eta Arraun Lagunak nagusi berriro Donostiarra eta Tolosaldea ez zeuden etsitzeko, eta denboraldiko lider biek beraien onena atera behar izan zuten berriz ere garaipena lortzeko bidean. Urdaibai trapuarekin, beste behin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Arnaitz GORRITI Ez al du ba aurkaririk Urdaibaik? Aurkariak bai, noski; Donostiarra, esaterako, Castroko XII. Caixabank Banderako ohorezko txandan aurreneko bi luze gogoangarriak egin eta gero. Are gehiago, Gorka Aranberrik zuzentzen duen Bermeoko traineruaren parera iristea lortu zuen tarteka, lotsagabe eta beldurrik gabe. Irabazi ez zuen egin, Urdaibairi eztulik egingo dionik ez dagoelako estropadak aurrera egin ahala, baina bermeotarrek izerdia galanki bota behar izan zuten beste trapu bat astintzen amaitzeko. Ezin orain nabarmendu bistakoa dena, hau da, hamaika estropadatik bederatzi eraman dituen trainerua dela denetan indartsuena. Egia da oraindik badaudela estropadak eta denboraldiak luze jo behar duela. Egia da, abuztuan sartu garenez, Kontxako Banderaren kontuek laster garrantzia hartuko dutela eta orduan ere Urdaibai izango dela faboritoa, balizko presioari eta gainerako taldeen balizko goranzko bideari aurre egin beharko dioten arren. Bistakoa izanda ere, esan egin behar da Urdaibai dela dena irabazteko hautagai nagusia, ia bakarra. «Hamar hilabete entrenatzen dugu. Irabazteko goserik ez badaukazu, ez dituzu hamar hilabete entrenatzen», adierazi zuen helmugan Mikel Azkarate ‘Bou Bizkaia’ ontziko aurrekalariak. Bere lekuan dagoenak ziaboga behar bezala emateko ardura handia dauka, eta Urdaibaik ziabogetatik irteteko orduan sekulako egurra eman zien berriz ere bere aurkari guztiei. «Ez duzu asko pentsatzen halakoetan. Ziabogetan lan ona egiten ari gara orain arte eta horretan jarraitzen saiatzen gara», aipatu zuen Azkaratek. Donostiarraren eta hirugarren amaitu zuen Zierbenaren alde esan litekeen lausengua da Bermeori onena aterarazten diotela. Gipuzkoarrek hala egin zuten hiru luzetan zehar. Aurreneko erdian branka ere behin baino sarriago sartu zioten Bermeori, eta hirugarrenean, nahiz eta ‘Bou Bizkaia’ beti aurretik joan zen, oraindik ere estropadaren garailea zein izango zen arriskua mantendu zuten. Azken ziabogan kolpea eman zuten bermeotarrek. Ziabogan sartzetik ateratzera bitartean ontzi beteko aldeaz luzatu zuten haien errenta, minutu erdi baino gutxiagoko tartean. Dena den, azken luzean Gorka Aranberri gozatzen joan zela nabarmen geratu zen arren, arraunlariek gogotik ahalegindu behar izan zuten denboraldiko bederatzigarren garaipena bermatzeko. TOLOSALDEAREKIN LEHIA Euskotren Ligan ere, zaharrak berri. Hamaika estropadaren ondoren, hamaika garaipen pilatu ditu Arraun Lagunakek. Ipar haizea gorabehera, hondoko itsasoa gorabehera, nahiz eta espero baino olatu txikiagoak izan, Euskotren Ligako liderrak lider izaera nondik datorkion erakutsi zuen atzo. Ziabogara arte Tolosaldea gainean izan bazuen ere, poparean Euskotren Ligako liderrak egurra eman zion, olatuak askoz hobeto baliaturik. Hasiera batean, Arraun Lagunaken traineruak branka erakutsi zien aurkariei aurreneko txanpatik, baina egia da ere lehenengo luzean, aurrera egin ahala, Tolosaldea parean jarri zitzaiola, baita tarte labur batzuetan aurretik ipini ere. Aldiz, Donostiarrak eta Oriok atzera egin zuten berehala, Arraun Lagunak eta Tolosaldearen buruz burukoari eutsi ezinik. «Gauzak estutzen zaizkigunean, burua hotz mantentzen eta eusten dakigun taldea garela erakutsi dugu berriro. 2022an asko ikasi genuen eta horrek asko lagundu digu heldutasunean», adierazi zuen Andrea Astudillo Arraun Lagunaken patroiak, estropada amaitu berritan. Ziabogan segundo bateko aldeaz aurretik izan zen Arraun Lagunak, baina Tolosaldea ez zegoen etsitzeko prest. Popare polita eskaini zuten biek ala biek -baita Donostiarrak eta Oriok ere hirugarren postuaren bila, elkarrengandik hurbil samar jarrita gainera-, baina, Andrea Astudilloren maisutasunari esker, liderrak olatu pare bat kateatu zituen eta minutu baten tartean bi ontziko tartea zabaldu zuen bere alde. Tolosaldeari presa sartu zitzaion orduan, eta ez zuen beste batzuetan bezainbat asmatu. Ondorioz, ziabogan berdinduta zegoen estropada Arraun Lagunaken alde erabat irauli zen. Are gehiago, Donostiarra Tolosaldeari uste baino gehiago hurbildu zitzaion azken unean. Lehenbiziko txandari dagokionez, Hondarribiak bere ohiko nagusitasuna erakutsi zuen ostera ere. Nolanahi dela, estropadarik biziena, sailkapen nagusiko seigarren postuaren bila, Cabo eta Hibaika traineruek izan zuten. Galiziarrak beti aurretik joan arren, azkenean gipuzkoarrak lehenago iritsi ziren helmugara.