Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Askoz harago

Abuztuan gara ostera ere, aurtengoan aurton. Agorrilean, nahiz eta urte politiko zaharra han-hemen oraindik ez den agortu berriari bide emateko. Baina hala beharko zuen urtero, jarraitua izan, seriozko politikak ezin duelako etenik izan, ofiziozko politika udako etena hartzeko saiatu arren. Tira, demonio, harira! Bada, abian da abuztua. Nafarroan zereal uztarik emankorrena izan da aurten, ez dakit noren despentsarako baina. Euskal Y zerak herrialde horrekin ustez izango duen loturak aurrez aurre jarri ditu jelkideak eta jeltzaleak, lautadaren laua ala mendiaren zulatua? Dena dela, argi dagoena da tren itxurako horrek ez duela zereala mendebaldeko despentsara ekarriko, astiro balitz ere!

Eta Lapurdiko hondartzetako dutxek urik ez, apropos, arauaz. Horraino bederen ondo ikusten dut; harea maite dutenek pikor batzuk etxera eramatea ez da zertan arazo izan, are gehiago behatzen lagun badira. Izan ere, ura eskasten ari den honetan ur kultura dugu eskasago. Bai, kulturaz nago, artetik askoz ere harago! Sen kontua, hatxebio baino. Horra Senako urak, egunotan mundu guztietako begiradak (Gazakoak ez) biltzen dituen hiritzar olinpikoan ibaiko uren kalitatea urria izan da, kirol proba batzuk berak baldintzatzeraino. Kolpea gero! ibai bazterrak urrez eta zilarrez josita eta ibaia gaixo! Iraunkortasun halakoa!

Total, dominak han eta doluminak mundu mapak dituen hainbat zerrendatan. Baina zoritxarrez ez dut inon ikusi doluminen sailkapena herrialdeka, herrialde izan nahi duten herri ukatuak barne. Hortaz, dominak baino askoz gehiago kezkatzen nau urrea eta zilarra non-nola-nork erauzten duen. Kulturaz nago berriro, kiroletik askoz ere harago! Kulturak ez du dominarik behar, ez eta erakustokirik ere, baina doluminak gainditzeko tresna izan beharko, senaz. Kultura landu, abuztuan ere.