GARA
GASTEIZ

«Jai herrikoien defentsan» txosnak ireki dituzte

Ticket Bai aplikatzera behartuta egotea salatu dute Gasteizko Txosnek, irabazi asmorik gabekoak direlako. Aldundiarekin ez dute akordiorik lortu, baina txosnagunea irekita dago.

Manifestazio jendetsua txosnen alde.
Manifestazio jendetsua txosnen alde. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Txosna Batzordeak Ticket Bai sistema ezartzeko Arabako Foru Aldunditik jasotako eskakizuna salatu zuen uztailean, 43 urteren ondoren txosnen jarraipena arriskuan jartzen zuela argudiatuz. Egoera hori aldatzen ez bazen, aurten txosnarik ez jartzeko aukera zegoela adierazi zuten.

Enpresa pribatua ez direnez, irabazi asmorik gabeko jarduera bat baizik, betebehar horietatik salbuetsita zeudela nabarmendu, eta eskakizuna haien lanari eraso egiteko aitzakia baino ez zela salatu zuten.

Azkenean, Aldundiarekin akordiorik lortu ez badute ere, txosnagunea zabalik dago atzotik, jaiak amaitu arte.

Irekierarekin batera, gainera, Arabako Aldundiaren jarrera eta txosnek izandako zailtasunak salatzeko, mobilizazioa egin zuten atzo arratsaldean, jaien hasieraren bezperan eta Txosnek prestatutako programazioaren lehenengo egunean, beraz. Ardura Aldundiarena dela baina «jai herrikoiak antolatzeko gure arduran eta konpromisoan berresten gara», esan zuten, «herri mugimenduaren defentsan».

Aurten EHUren obrek zenbait metro kendu badizkiete ere, zazpi txosnak, hiru karpak (Entxosnatu karpa, Gazte karpa eta Etxera karpa) eta lau eszenatokik osatuko dituzte Txosnak. Hamaika kontzertu eta DJ ere izango dira, noski. Esate baterako, Gatibu, Segismundo Toxicómano, Dupla eta Chill Mafia taldeak.