AUG. 05 2024 EUSKO LABEL ETA EUSKOTREN LIGA Hondarribiarentzat Orion bandera, azkenean haizea altxatu zelako Denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi zuen «Ama Guadalupekoa» ontziak, bigarren txandatik aritu arren eta hirugarrena da orain. Urdaibaik bosgarren amaitu zuen. Euskotren Ligan, berriz, Arraun Lagunak irabazle, poparean estropadari buelta emanda. Zailtasunak zailtasun, Arraun Lagunak berriz ere irabazle. (Andoni CANELLADA | FOKU) Arnaitz GORRITI ”Pedro Navaja” abestiaren leloak «la vida te da sorpresas» dio eta itsasoa ezustekoen zalea ez ezik, apetatsua ere bada. Haizearen indarra handitzen dela, hondoko itsasoa petraltzen dela, olatuek ez dutela enbarazu baino egiten, eta hara, aurreikuspen guztiak pikutara! Poztekoa izaten da beti kirol mundu honetan ezustekoak oraindik ere gerta daitezkeela ikustea eta aurtengo Eusko Label Ligari lotzen badiogu gure diskurtsoa, Urdaibaik irabazi ez duela-eta poza azaldu beharko dugu, aurtengo denboraldian hirugarren salbuespena baino ez zelako jazo atzo. Aurreko bietan Zierbenak eraman zuen trapua, baina atzo, XII. Orioko Kanpina Banderari zegokion estropada Hondarribiak eraman zuen, bere historian zazpigarren aldiz, nahiz eta bigarren txandatik aritu zen. Bigarren amaitu zuen Zierbena izan ezik, aurreneko lau postuetan bigarren txandako hiru ontzi sartu ziren: Getaria hirugarren sailkatu zen eta Lekittarrak 32 ehuneneko aldea atera zion Urdaibairi. Donostiarrak zazpigarren amaitu zuen, eta zer esan Oriori buruz, etxeko estropadan hamargarren amaitu zuelarik. Anabasa horretatik sailkapen nagusian ere nolabaiteko aldaketak suertatu ziren. Urdaibaik 137 punturekin lidergoa mantentzen du eta oraindik 10 puntu ateratzen dizkio Zierbenari. Hirugarren postuan Hondarribia kokatu da orain, Donostiarrarekin 107na punturekin berdinduta. POPAREAN NAGUSI «Plenoaren bila goaz. Dena nahi dugu», bota zuen, bestalde, Andrea Astudillo Arraun Lagunaken patroiak. Kostata, eta poparean Oriorekin lehia estua bizi ostean, denboraldiko hamabigarren garaipena eskuratu zuen “Lugañene” ontziak. Joaneko luzean Orio eta Tolosaldea aurretik zituen, eta itzulerakoan Oriorekin kalea defenditzeko buruz burukoa izan zuen Euskotren Ligako liderrak. Istriborrerantz jotzen zuen olatuak eta Oriok hortik jo nahi zuen, baina parean “Lugañene” jarri zitzaion bere kalea zaintzen. Arraunak noiz joko izan ziren tarte batean. «Nik ere balia nezakeen olatua gure alde, baina nahiago nuen ababorrera egin eta Orio bere norabidea aldatzera behartzea. Azkenean, beretzat kalte», azaldu zuen, bere patroiaren ofizioa ezagutzen duela erakutsiz, Astudillok. Hobeto ezin zitzaion atera jokaldia. Arraun Lagunakek branka sartu zion Oriori eta pixkanaka aldea ateratzea lortu zuen, trebeska zetorren olatu hori baliatuta. Bien bitartean, Donostiarra erori egin zen eta Hondarribiaren atzetik bosgarren postuan amaitu zuen estropada. Tolosaldea, berriz, Orio eta “Lugañene”-ren arteko jokotik at, bere aukeraren zain geratu zen gutxienez bigarren postua eskuratzeko. Aurreneko txandan, aldiz, Hibaikak Cabori aurre hartu zion eta maila mantentzeko alde bikaina eskuratuta amaitu zuen asteburua.