GARA Euskal Herriko egunkaria

Munduko hiritarrak


Surfaren Joko Olinpikoak egiteko Parisek modu arbitrarioan Tahiti hautatu zuenean lasaitu egin nintzen. Biarritz hautatu izan balute, lotsagarri geratuko baikinateke euskal surflariak. Zergatik? Euskaldunok gure herrian arrotzak eta gutxiengoa garela salatzeko behar adina indarrik ez dugula agerian geratuko litzatekeelako.

“Euskaldunok Euskal Herrian, noski baietz” goiburua zuen mobilizazioa antolatu zen 2017an Biarritzen, herrialdeen arteko munduko surf txapelketan. Lehen aldiz, sailkapen ofizialen ereduari jarraituz Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko surflariz osatutako selekzioa osatu zen, baina euskaldunek ezin izan zuten parte hartu. Gainera, Biarrizko Udalak hondartzara ikurrina eramatea debekatu nahi izan zuen. Azkenean hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan genituen, adibidez aizkolarien erakustaldia, gurea folklorea ez zela ohartu zirelako. Aitzitik, gure ekitaldian parte hartu nahi izan ez zuten Lapurdiko trikitilari eta dantzariek txalo zaparrada jaso zuten irekiera ekitaldian. Senegalgo tribuen erritualaren antzezpena egin zuten kideei bezala, haiei ere kakahueteak botatzea bakarrik falta izan zitzaien arduradun politikoei.

Oraindik gordeta ditudan e-mailetan, kasu egiten ez bagenuen Pauetik CRSak igorriko zizkigutela mehatxu egin zigun Laurent Ortiz hautetsiak. Itsasoan poliziak gurekin jai zuela erantzun nionean, giroa gehiegi berotu zen eta Biarrizko udaletxera deitu ninduten. Tartean, Iparraldeko ia nire lagun guztiek bakarrik utzi ninduten.

Imajina dezakezue surflari ernegatua Biarrizko udaletxean, bizkarrean poliziaburu bat «Espainiatik istiluak sortzera etorriko dira» errepikatzen, eta parean, Michel Veunac auzapeza, frantses baldarrean ematen nizkion azalpenak entzuten. Azkenean, ikurrina ez debekatzearekin ados agertu zen, zeren «c’est le drapeau du B.O» (ikurrina Biarritz Olimpiqueko bandera da).

Elkarretaratzeak oihartzun polita izan zuen, surflari mordoxka bildu ginen, batzuk ospe handikoak, eta Frantziako selekzioko kideak kasu egitera gerturatu ziren, baita Pablo Solar ere, Espainiako selekzioko arduraduna. Ez, ordea, selekzio espainolean ziren euskal surflariak. Lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen aldarrikapenarekin, PSEk ere alde bozkatu baitzuen eta ordezkari bat Biarrizko ekitaldian izan zen. Gipuzkoako surf federazioko presidentea ere lehen lerroan izan zen, baina EHSFko lehendakaria falta zen, egun federazioko buruzagitzan daudenei ez baitie graziarik egiten euskal selekzioen auziak.

Panorama ez da asko aldatu zazpi urtean. Euskal selekzioari lehiatzeko eskubidea ukatzen dioten selekzioetan parte hartzea begi onez ikusten da. Paradoxikoki, gehienek «munduko hiritarrak» eta «apolitikoak» direla diote, baina ondotxo dakigu zer esan nahi duen horrek: Kolonizazioak onartzea, inperialismoa babestea, Ukrainaren eta Israelen alde egitea, menderatuen alde ahotsik ez altxatzea, neoliberalismoa elikatzea eta abar, eta abar.