Ane URKIRI ANSOLA
PARIS
PARISKO OLINPIAR JOKOAK

Atletismoak zenbait izen propio utzi ditu, zein baino zein loriatsuago

Olinpiar Jokoek goia jo ohi dute atletismoaren lehia hasten denean. Orain arte, igerilekuak utzi ditu munduko eta olinpiar errekorrak, bat bestearen atzetik, eta azken asteburu honetan Estadio Olinpikoak hartu dio testigua. Femke Bolen erakustaldia erreleboetan, Cheptegeiren errekor olinpikoa, Kariberen festa Alfred eta Lafonden dominei esker, Noha Lylesen garaipen estua...

Femke Bolen azken 400 metroei esker irabazi zuen urrea Herbehereetako selekzioak.
Femke Bolen azken 400 metroei esker irabazi zuen urrea Herbehereetako selekzioak. (Jewel SAMAD | AFP)

Laurogei mila zale estadio olinpikoan. Laurogei mila zale egun bakoitzean -nahiz eta noski, bi egunetan errepikatuko zuenik egongo zen-. Zoragarria da hainbesteko zirrara ikustea atletismoaren bueltan, Olinpiar Jokoek goia jo ohi duten kirolaren bueltan. Badaudelako urte osoan nahikoa harrabots sortzen dutenak eta gainontzekoak, lau urtean behineko hitzordu olinpiko honekin, jendearen ikusmin osoa erakartzen dutenak.

Hizki larriz nabarmendu dira jada izen propio batzuk, maila altuko zenbait atleta. Batzuk aurretiaz ezagunago eta Parisen beraien palmaresa aberasten ari direnak. Femke Bol da horietako bat. Herbeheretarrak, 4x400 metro errelebo mistoetan, ezerezean utzi zuen egun bat lehenago munduko errekorra lortu zuen laukote estatubatuarra. Handia egin zuen Bolek, taldekidearen testigua laugarren postuan jaso eta azken txanpa ikaragarriarekin urrea irabazteko. Distantzia ertain-luzean garaiezin dabil herbeheretarra.

Bata distantzia ertain-luzean eta besteak distantzia motzean. Julien Alfred eta Noha Lyles -Thompsonekin parez pare helmugaratuta- abiaduran, 100 metrokoan nabarmendu ziren, biek Usain Boltekiko miresmena indargune izanda.

Santa Luziari lehendabiziko urrea eman zion Julien Alfredek, bi estatubatuarren aurretik hau ere, garaipen batzuk kirolaz harago zentzu are handiagoa hartzen dutela jabetuta. «Karibe osoaren» festa izan zen, oro har, larunbatekoa; izan ere, ordu batzuk lehenago, jauzi hirukoitzean, Thea Lafondek Dominikari eman zion lehen domina olinpikoa, urrezkoa.

ELGOIBARKO KROSA

Ostiralean 10.000 metroko lasterketa izan zen entzutetsuena eta Elgoibarren 2017an nagusitu zen Joshua Cheptegei ugandarrak irabazi zuen urrea, errekor olinpikoa erdietsita -berak eta bere atzetik iritsi ziren beste 12 atletek-. Hala, azken bi edizio olinpikoetan Juan Muguerza Krosa irabazi duen atleta bat gailendu da 10 kilometroetan, Tokion, Barega etiopiarrak kolkoratu baitzuen urrea.

Ibilketako proba salbuespen, dekatloiarekin hasi zen atletismoaren egutegia, ostiralean abiatu eta larunbatean bukatuta. Markus Rooth norvegiarrak eraman zuen garaipena (8.967 punturekin). Kiroleko beste gazte prodijio bat, antza (23 urte ditu). Xabalina-jaurtiketaren ostean (66,87 metro) hasi zen bistaratzen bere garaipena.

JAMAIKAREN KOLPEA

Txanponaren beste aldean nabarmendu denik ere bada: Shericka Jackson ezin izan zen lehiatu 100 eta 200 metrokoetan. Kolpe gogorra izan zen Jamaikarentzat, beste lesio bat tarteko, ez baitago Parisen azken txapeldun Thompson-Herah ere.



Jon Rahmek gertu izan du domina olinpikoa

Jon Rahmek diplomarekin bukatu du bere estreinako hitzordu olinpikoa. Emaitza gazi-gozoa izan zen Barrikakoarentzat, une luzez urrezko domina irabazteko lehia betean egon baitzen. Lidergoan ekin zion atzoko jardunaldiari, Shefferd estatubatuarrarekin -azkenean garaile izan dena- berdinduta. Ezin hobeto hasi zuen azken eguna bizkaitarrak, baina 14. zuloan egindako hirukoitzak kondenatu egin zuen. Aurretik gainera, 11. eta 12. zuloetan ere bana egitetik zegoen.

Azken lau zuloetan ezin izan zuen irauli egoera eta bosgarren postuan bukatu zuen. Urrea eskuratu zuen Thomas Shefferd-ek, munduko ranking-ean onenak, eta Tommy Fleetwood ingelesak eta Hideki Matsuyama japoniarrak osatu zuten podiuma. GARA