AUG. 07 2024 Borderline Fabrika, kultur sormenaren laborategia Hendaian Borderline Fabrikak, sormena, elkartasuna eta tokiko garapen ekonomikoa uztartuz, Hendaiako sare sozial eta kulturala ontzen jarraitzen du. 2021ean Hendaiako geltokian ateak ireki zituen espazioa artisten akuilu da. Orain arteko egonkortze prozesuaz aritu dira espazio honetako kide bi, Aintzane Lasarte eta Ander Fernandez. Borderline Fabrikak gobernantza horizontala eta etengabeko bilakaera ditu oinarri. (Patxi BELTZAIZ) Andrea IBARRA Hendaiako geltoki nagusiaren bihotzean kokatua, Borderline Fabrika berrikuntza sozial eta kulturaleko laborategi gisa nabarmentzen da. 2021eko maiatzean ireki zenetik, gune dinamiko hau sorkuntza eta partekatze plataforma bilakatu da, balio sozial eta kulturaldun proiektuak gorpuzteko toki gisa. Proiektuak 2016an du jatorria, SNCFk, Akitania Berria eskualdeak eta Herentokien Kooperatibak abiatu zuten ‘‘Open Gare’’ deialdian. Proposamen honek 300 metro koadroko eremu hutsa komunitatearentzako gune bilakatu zuen, kultur lantegi eta kafetegi bat barne hartuz. Pausoz pauso bilakatu da espazio hau errealitate. 2017ko martxoan sortu zen Borderline Fabrika elkartea. Ondotik, 2019tik 2021era, fabrikaren inaugurazio ofizialaren esperoan, Hendaiako Herriko Etxeak Hazi Gazia lokala utzi zion artista taldeari, aktibitateak aitzinetik itxuratzeko eta esperimentatzeko. Hala, Borderline inguruaren biziberritze kultural eta ekonomikoan inplikatu da hastapenetik. Bertako kide Ander Fernandez musikariak azaldu duenez, «'Etxekoak' gara espazioa erabili eta elkartearen eguneroko bizitzan inplikatuak gaudenak; bakoitzak badu bere kasketa». Bertan du bere estudioa, hainbat dantzari eta zirkularik bezala. Egungo kolehendakaria, Aitzane Lasarte, ere hastapenetik izan da proiektuaren parte. «Borderlineko bazkidea naiz biztanle bezala. Kultur alorreko langilea izan naiz nire bizitza osoan. Ezagutzen nuen arte mailan egiten zuten lana. Iruditu zitzaidan proiektu emankorra izan zitekeela, kalitatezkoa, eta horrela da», poztu da. Hain zuzen ere, turismotik aldentzen diren motibazioekin, fabrikak komunitatearekin eta inguruko herriekin sortu duen lotura nabarmendu dute bi boluntarioek. Geltokiaren inguruak biziaraztearekin batera, Irun, Hondarribia eta mugaz bestaldeko herrietako jende ainitz erakarri izana dute lorpen. «Batzuek mesfidantza handia zuten. Hemen, geltokian, kasu!», gogoratu du kolehendakariak. Fernandezek gaineratu duenez, Amorantek bertan kontzertua egin zuelarik erran zuen: «Sekulako Troiako zaldia sortu duzue hemen!». ‘‘Etxekoa’’ den bazkidearentzako, fabrika «parentesi bat da ezleku batean». Auzoa, bizia baino, «pasabide» bat izanki, bidean den jendeak «adibidez, kontzertu esperimental bat edo karaoke bat ikustean, oasi moduko bat sortzen du». ARTEA, «GIZARTEA ERAIKITZEKO TRESNA» Gaur egun, Borderline Fabrikak esperimentaziorako eta berrikuntza sozialerako ingurune egokia sortzeko lanetan jarraitzen du, tokiko talentu eta ekimenak baloratuz. «Hasieratik bagenekien izan behar zuela bai profesionalentzako lantokia, bai publiko zabalari irekia den espazio bat. Ardatz horien inguruan joan da egituratzen hemengo jarduna», zehaztu du Fernandezek. Eskaintza nagusia euskaraz eta frantsesez egiten dute, baina bada gaztelania ere, herriak duen errealitate linguistikoaren isla gisa. Ekitaldiez gain, asteroko tailerrak egituratu dira denbora honetan, hala nola, zirkua, antzerkia eta dantza. Lasartek azaldu duenez, gunearen izaera inklusiboa eta irekia da: «Artea gizartea eraikitzeko tresna indartsua da. Horrelako leku batean, gizarteko gaiak, etorkinen gaia dela edo emakumeen gaia dela, artearen bidez erakusten dira. Mezu bat pasatzen du arteak eta hau da hori txertatzeko lekua». Gainera, «hemen gaudenok nortasun bat ematen diogu tokiari eta nortasun hori aberasten da kanpotik etortzen diren ekimen guztiekin», baieztatu dute bi kideek. «Urte hauetan osatzen joan da ekosistema bat, eta ekosistema horrek naturalki sortzen ditu hemen egiten diren ekimenak», poztu da Fernandez. Proiektu proposamena egitean buruan zutena eta orain aitzinean dutena konparatzean, emaitza «harro egoteko modukoa» dela diote, irriño bat ahoan.