GARA Euskal Herriko egunkaria

Eraikuntzan 63 urteko langile bat hil da Berangoko obra batean

Astelehen arratsaldean 63 urteko gizonezko bat zendu zen Berangon, eraikuntza batean lanean ari zela koadro elektriko bat gainera erorita. Euskal Herrian 35 langile hil dira lan istripuen ondorioz 2024an. Sindikatuek mobilizaziora deitu dute ostegunean.

Joan den urrian Barakaldon lan istripuen kontra egindako elkarretaratze bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

63 urteko langile bat hil zen astelehenean Berangon, eraikuntzan, koadro elektriko bat gainera erorita. Ertzaintzak atzo aditzera eman zuenez, istripua arratsaldeko 15.30ak aldera gertatu zen, biktimak Berangon txalet bat eraikitzeko lanetan ziharduela. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea istripua zer egoeratan gertatu zen ikertzen ari da.

LAB sindikatuak «elkartasuna eta babesa» helarazi die familiari, lagunei eta lankideei, eta ohartarazi du istripuak ez direla halabeharraren ondorio. «Lan baldintza kaskarren eta osasunaren gainetik etekinak lehenesten dituen ekoizpen ereduaren ondorio dira. Horrela, prebentzio neurrien kausei eta gabeziari buruzko ikerketa zorrotza egitea eta argitzea eskatu du LABek.

Izan ere, 202. urtean 35 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuen ondorioz.

Bereziki eraikuntzaren sektorean gertatzen diren istripuak hizpide izan ditu LABek: «Istripu horiek gure ekonomiaren eta lan ereduaren emaitza dira. Eta eredu horretan lehentasuna presari ematen zaio, segurtasun, osasun eta prebentzioaren aurretik».

«Patronalak absentismoari buruz egiten duen eztabaida antzuaren aurrean, honen benetako kausetara jo gabe, herri eta lan munduan benetan aldatu behar direnak politika publikoak dira, patronala kontrolatzeko eta kontrol, zigor eta ikuskapenak ezartzeko, benetako eredu aldaketa bati begira, non, behin eta berriz esan dugun bezala, bizitza eta prebentzioa lehentasunezkoak izango diren», adierazi du sindikatu abertzaleak.

Gertatutakoa salatzeko, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzera deitu dute ostegunean, Bilbon, Ascobi-Biebak duen egoitzaren aurrean, 11.30ean.