GARA Euskal Herriko egunkaria
PARISKO OLINPIAR JOKOAK
Interview
NAROA AGIRRE
Pertika jauzilari ohia

«Buruak gainezka egin zidalako utzi nuen, ez fisikoki gaizki nengoelako»

Naroa Agirre (Donostia, 1979) aurpegi ezaguna da. Bi Olinpiar Jokoetan lehiatu eta diploma bat irabazi zuen, pertika jauziko Espainiako errekorra oraindik ere berea da (4,56 metro gainditu zuen 2007an) eta “Goenkale” telesailean ere aritu zen. Duplantisek munduko errekorra hautsi berritan, NAIZ Irratian solasean aritu da.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Naiara Larrea pertika jauzilaria -Odei Jainaga xabalina jaurtitzailearen izeba- aitzindaria izan zen Euskal Herrian, eta horren lekukoa hartu zuen Naroa Agirre donostiarrak. Agirre izan zen pertika jauzian Olinpiar Jokoak erdietsi zituen lehen euskal atleta eta, orain arte, bakarra. Duela hogei urte Atenasen aritu zen, diploma lortuta, eta 2008an Beijingera joan zen.

2007an 4,56 metroraino jauzi egin zuen, Espainiako errekorra ezarriz, eta oraindik ere berea da marka hori. «Ohorea dela dio», baina gogoz dagoela norbaitek gaindi dezan, «Espainiako errekor bat izateko ez baita marka ona». 2018an, haurdun zegoela, erabaki zuen pertikatik aldentzea. NAIZ Irratiak harekin aztertu ditu Duplantisen munduko errekorra (6,25 metro), pertikaren bilakaera, bai eta kirola bera ere, zentzu osoan.

Atenasen eta Beijingen egon zinen. Ze oroitzapen dituzu?

Atzean geratu dira jada, 20 urte pasatu dira. Atletismo munduan sartuta nengoenean, dena oso ezberdina zen. Burbuila baten sartuta zaude eta zure mundua oso ezberdina da. Joko Olinpikoak amestutako kontu bat da. Baina, egiten ari zarenean, markak lortzen ari zarenean, gozatzen duzu beste txapelketa bat bezala. Atenaskoa oso ondo atera zitzaidan, seigarren postua lortu nuelako, eta Pekinen 13. bukatu nuen, baina zerbait polita egin nuen. Pozez bukatu nituen. Ongi ateratzen bazaizu, oso polita da, ze gainera hiri olinpikoan egoteko aukera daukazu, beste kirolak ikusteko, hori bizitzeko... Baina gaizki ateraz gero, egia da egoera oso gogorra izaten dela.

Kasik garrantzitsuagoa izango da, emaitza bera baino, zuk nahi zenuen hori erakustea.

Bai, zuk zerorri eskatzen diozun sentsazio on horrekin geratzea. Ondo ateratzen ez zaizunean gogorra da. Badago jendea segituan buelta ematen diona, baina barneratu egin behar da lau urtetik behin jokatzen den txapelketa batean gaizki aritzea...

Zein jokotan disfrutatu zenuen gehien?

Bietan. Atenasen hasiberria nintzen. Entrenatzaileak esan zidan seigarren egin nuela, eta nik, tira, normaltzat jotzen nuen. Ez nintzen jabetzen zer egin nuen. 4,40 jauzi egin nuen, eta ni marka horietan ibiltzen nintzen. Egia da Olinpiar Jokoek beste pisu bat daukatela, baina ni jabetu naiz geroago, denborarekin. Orain, emakumezkoen sailkapenak eta mutilen finalak ikusten, ohartzen zara zeinen zaila den hori egitea. Benetan ni honetan ibiltzen nintzen? Urteak daramatzat pertika bat ukitu gabe eta iruditzen zait oso zaila dela. Duplantisek erraz egiten du, ez du lurtarra ematen. Badaude kirolari batzuk gauza zailak erraz egiten dituztenak. Orain ez nuke jakingo pertika nola heldu.

Zure garaitik asko aldatu da? Teknika, baliabideak...

Pertikak uste dut ez direla aldatu. Orain ikusten dudana da zapatila aldetik bai egon dela bultzadatxo txiki bat. Ez dakit ze puntura arte lagungarri diren edo ez. Ni hasi nintzenean, emakumezkoen pertika modalitatea nahiko berria zen, eta orain erdimaila hori igo egin da. Baina eboluzio propioa izan da.

Luzera jauzian hasi zinen.

Hasi nintzen denetik probatzen. ikastolan. Eta gehien gustatu edo hoberen egin nuena luzera jauzia izan zen. Ondoren probatu nuen pertika. Une batean biekin aritu nintzen eta gero pertikarekin zentratu nintzen.

Eta nolatan?

Nik Anoetan entrenatzen nuen. Han pertika jauzilari talde bat zegoen, eta atentzioa eman zidan. Gainera ia probatu ez nuen zerbait zen, ze eskolan bageneukan pertika egiten zuen irakasle bat, eta harekin jolasean aritu ginen behin eta polita iruditu zitzaidan. Baina, noski, gero baliabideak eta jakintza behar dira horretan aritzeko.

Oraindik Espainiako errekorra zurea da, 4,56ko markarekin. Ohorea izango da zuretzat. Baina 17 urte errekorra hautsi ez dela ez dakit berri ona den.

Egon dira Maialen [Axpe] eta Malen [Ruiz de Azua], eta uste nuen une batetik bestera, 4,50 inguruan jauzi egiten ari zirenean, eroriko zela eta telefonoa hartu beharko nuela norbait zoriontzeko. Gertatuko den zerbait da, eta agian, gertatzen denean, askogatik izango da. Denbora darama errekor horrek. Ez da marka ona Espainiako marka bat izateko, 4.56 batekin gaur egun txapelketetara ozta-ozta joaten zara. Maila asko igo da. Espainiako errekor on bat 4,70 edo izango litzateke. Malen, gainera, erretiratu egin da. Ikusi beharko dugu ze jende datorren atzetik. Sentsazioa da zurea den zerbait kenduko dizutela, baina desiratzen nago ea marka hori hobetzen duten eta nazioarteko txapelketetara joaten hasten diren.

Pertikan gorpuzkera egokiena zein da? Malgutasuna? Altuerak eragina du?

Abiadura da gakoa. Duplantis sartu zen 30 kilometro orduko baino gehiagoan. Azkarren egin zuen pertsona da. Entrenatzaile batek esan zidan garai batean, «abiadurak gabezia asko disimulatzen ditu». Eta egia da. Akrobazia eduki behar duzu, listoi gainera iristen jakin behar duzu, malgutasuna ere bai, indarra... Baina abiadura da garrantzitsuena. Gorpuzkera aldetik, gizonezkoetan aldaketa handia ikusi dugu. Lehen mutilak indartsuak ziren, gorpuzkera handiarekin. Eta Duplantis finagoa da. Oso fuerte egongo da, baina ez da gauza esajeratua. Azkarra da.

Zurea bezalako kiroletan Olinpiar Jokoak izaten dira erakusleiho handiena. Horrek presioa suposatu lezake. Izan duzu psikologikoki gorabeherarik?

Lehiatzeak, jende aurrean aritzeak motibatu egiten ninduen, kikildu baino. Beti nengoen gogotsu txapelketa garrantzitsuak iristeko. Sentitzen nuen ongi egingo nuela. Ez dut presio hori negatibo bezala sentitu. Niri gertatu zitzaidan, ibilbide bukaeran, jauzi egitea gehiago kostatzen zitzaidala, eta egon nintzen denboraldi bat baino gehiago jauzi egin nahi nuela baina zaila egiten zitzaidala; pertikak aldatzea kostatzen zitzaidan... Nire buruarekiko beldur batzuk bezala nituen, arrazionalak ez zirenak, ulertzen ez nituenak baina atera egin zirenak, mamu antzekoak. Gogorra izan zen. Entrenatzaileak esaten zidan: zentzurik badu pistara etorri eta egunero gauza berdinekin aritzea hemen? Eta nik jarraitu nahi nuen. Ez nuen utzi fisikoki gaizki nengoelako, baizik eta buruak gainezka egin zidalako. Motibazioa ez zen hain handia, egunerokoan gainditu behar ziren gauza horiekin alderatuta.

Aipatu duzu Olinpiar Jokoetara sailkatu zinenean gozatu zenuela. Baina agian, perspektiba hartuta, gehiago baloratzen da?

Jabetzen naiz zer egin nuen. Kontzientzia gehiago daukat. Garai hartan banekien, baina Atenasen seigarren bukatze horren kontzientzia orain gehiago daukat.

Heldutasun kontua da?

Ez dakit heldutasuna den edo pertsonalitatea. Garai hartan hala pentsatzea ere uste dut ona dela. Bestela konformismora joan zaitezke... Nork bere erreakzioa izaten du.