AUG. 08 2024 SAGES-FEMMES Lanbide baten erretratu zuzena eta gordina Gaizka IZAGIRRE HERNANI Bi emagin hasiberri, Louise eta Sofia, dira film frantses honetako protagonistak. Jaiotzak eta, batzuetan, heriotzak tarteko, erritmo biziari aurre egin beharko dioten bi emakume. Errealismoa transmititzeko hautua hasieratik antzematen den zerbait da. Dokumental batetik irtenda diruditen plano itxi eta luzeez baliatuz, espazio murriztu horietan sartuko gaitu kamerak; murgilaldi handiko esperientzia iruditu zait, filtrorik gabea, zuzena eta gordina. Korridoreetan ibiltzen den kamera bizi baten bitartez ospitaleko langileei jarraituko diegu. Narratiba modu eraginkorrean osatzen duen soinu bandak une emozionalak azpimarratzen ditu, baina gainean jarri gabe; nabarmenagoak dira klinikako berezko soinuak, jaioberrien negarrak edo emaginen arteko elkarrizketak, adibidez. Honek benetakotasun geruza bat gehitzen dio esperientzia zinematografikoari. Emaginen egunerokoaren eta haien lanbideak dakarren presio neurrigabearen erretratu adierazgarria osatu du Lea Fehner zinemagileak. Osasun-arretako sistema problematiko eta eskas bati dagozkion erronkak ere azaltzen ditu. Bereziki Hollywoodetik iritsi ohi den iruditeria trakets eta kaltegarri horri -idealizazio etengabeak, erditze uneak nola erakusten dituzten, haurdunaldiak...- errealismo-belarrondoko galanta ematen dion proposamena da. Traba bakarra jarriko nioke: bikote heterosexualak soilik azaltzen direla. Istorio sentsazionalistek gero eta pisu gehiago duten garaiotan, “Sages-femmes” (“Matronas”, gazteleraz) filmak, ikuspegi zehatza eskaintzeaz gain, lanbide honen erretratu egoki eta sentibera oparitu digu, baita lan baldintza duinen aldeko aldarria ere. Leonie Pernet-en abesti batez lagunduta dauden amaierako manifestazioen irudiak oso hunkigarriak eta indartsuak iruditu zaizkit.