GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
MIKEL ORBAÑANOS
Hondarribiko entrenatzailea

«Irabazi ez arren, saiatu behar dugu egunerokoa txarra izan ez dadin»

Joan den igandean lortu zuen "Ama Guadalupeko" ontziak ligako lehen bandera astintzea, non eta Orion. Mikel Orbañanos (Orio, 1973) Hondarribiko entrenatzaileak adierazi du garaipenak balio diela, egiten ari diren lanean «sinesteko». Oriotarrak nabarmendu du «irabaztea ez dela erraza», eta emaitzei bakarrik begiratzea «ez dela ona».

(Iñigo URIZ | FOKU)

 

Ez da elkarrizketak eman zalea Mikel Orbañanos, baina Hondarribiko entrenatzailea den heinean, aurpegia eman du. Oriotarrari galdetuta ea denboraldi zaila izaten ari den, erantzun du, zaila baino gehiago, sortzen zaizkien «ziurtasun ezak, eta zalantzak» daudela. Ziurgabetasuna ondo darama prestatzaileak. Arraunlariek, ordea, «nahiago dute emaitza hobeagoekin ibili». Oriotarrak aitortu du ontzia aurten iaz baino «zertxobait gutxiago» dabilela, bai estropadetan, baita lan saioetan ere.

Bandera lortuta, asteko egunak arinagoak izango dira.

Bai. Egia esan, horrelako sari bat lortuta, Orio bezalako herri batean eta bandera lortuz, pozik gaude. Kontziente gara oraindik agian goiko traineru horiekin lehiatzeko zertxobait falta zaigula. Baina, horrelako sari bat etortzen denean, pozik hartzen da.

Giro ona ere izango duzue.

Bai, gehienbat dinamika ez oso on batetik gentozelako, eta arraunlariek ere sinesteko jarraitu behar dugun lanean. Alde horretatik, uste dut ondo etorri dela. Eta eguneroko giroan antzeman da.

2010etik gutxienez bandera bat astindu duzue. Ohituta zaudete banderak astintzera. Taldeak beharko zuen halako garaipen bat.

Hala da. Aurreko urteetatik dinamika oso onean gentozen. Beti garaipenetik gertu, ligan ere beti goiko postuetan... Eta, egia esan, urte guztiak ez dira berdinak, eta batzuetan kostatu egiten da. Kirol guztietan garaipena lortzea ez da erraza izaten, eta hori ere kudeatzen jakin behar da. Hala ere, dena ez da irabaztea. Uste dut meritu asko duela egunero egiten ari garen lan horrek, eta horri ere garrantzia eman behar diogu etorkizunera begira. Nahiz eta ez irabazi, saiatu behar dugu hori ez bihurtzen eguneroko lanean zerbait txarra. Hala ere, saiatuko gara hemendik aurrera azken urteetan izan garena erakusten.

Bigarren txandatik iritsi da garaipena. Beharbada gutxien espero zenutenean.

Bagenekien estropada ona egin genuela, eta aurkari on batzuen aurka. Baina bagenekien ere ohorezko txandan traineru indartsuenak zihoazela. Beraiek ere baldintzak zertxobait kaskarragoak izan zituzten, eta hortik etorri zen azken abantaila hori. Joan den urtean gogoratzen naiz Ondarroan ohorezko txanda irabazi genuela, eta bigarren txandatik irabazi zigutela abantaila dezente sartuz. Ezin izan genuen bandera hura irabazi, nahiz eta estropada ona egin. Oraingo honetan alderantziz tokatu zaigu. Estropada on bat egin dugu, eta ohorezko txandakoek baldintza kaskarragoak eduki eta beraiek ez dute egin horren estropada ona.

Bigarrenean aritzeak lagundu zizuen arraunketari eusten?

Hori baino gehiago, gehienbat larunbatean ez genuelako gure arraunketa egin. Larunbatean, bigarren txanda horretan, berriro aurkariei abantaila atera nahi genien, eta ez da erraza izaten. Askotan, nahi gabe, arinegi ibiltzen zara abantaila atera behar duzula-eta. Nire kabutan hausnartuta, pentsatu nuen arraunean pixka bat lasaiago jardun behar genuela, eta horrek eman zigun gero azken emaitza hori.

Zuen txanda irabazita, tentsio handia bizituko zenuten ohorezko txanda ikustean.

Gehienbat bagenekielako egin genuen denbora ohorezko txandakoen antzekoa zela, haizea ere zertxobait gora zetorrela eta gertu izango ginela. Gainera, sari bikoitza izan genuen igandean: bandera bat irabazi genuen, eta, sailkapenean pausotxo bat aurrera emanez, larunbatean gure jarraitzaileen aurrean ohorezko txandan izango gara. Hori ere oso garrantzitsua da guretzat.

Arraunlariek amorruz ospatu zuten garaipena.

Zuk uste bezain dinamika onenean ez zatozenean, tentsioa barruan egoten da. Orio bezalako herri batean garaipena lortzea ez da egunero lortzen den zerbait, eta horregatik, ikusi genituen emozio horiek.

Zuretzat are bereziagoa, etxean irabazi zenuelako.

Bai, dudarik gabe. Nik Orio asko maite dut. Txikitatik ezagutzen ditut Oria ibaia eta Orioko itsasoa. Alde horretatik, oso pozik nago garaipen horrekin.

Sasoi gogorra izaten ari da?

Gogorra baino gehiago, sortzen zaizkigun ziurtasun ezak eta zalantzak daude. Alde horretatik, nik ondo daramakit, baina arraunlariek nahiago izaten dute emaitza hobeagoekin ibili. Baina bakarrik emaitzei ezin diegu begiratu. Kirolari batentzat garrantzitsuak dira emaitza eta garaipena, baina hori balitz estimulu bakarra kirola egiteko, hor ez ginateke ondo ariko. Urte guztiak ez dira berdinak izaten, eta saiatu behar da pixka bat zuzentzen. Iruditzen zait irabazteko agian oraindik ez garela egongo, baina bai maila txukunago bat emateko.

Elduayen Hondarribiko presidenteak liga hasi baino lehen esan zuen mutilak gozatzen ikusi nahi zituela, iaz ez zenutelako gozatzerik izan. Aurten ere zaila izaten ari da?

Batez ere irabaztetik datozen arraunlari batzuk daudelako. Alde horretatik, nahi gabe, zure buruari presioa jartzen diozu, eta iruditzen zaizu urte guztiek berdinak izan behar dutela. Eta ez da erraza izaten. Badakigu zer egin behar dugun berriro goian mantentzeko. Ea orain patxada pixka batekin hartzen dugun, sinesten dugun guk ondo egiten dugun horretan, eta emaitza hobeagoak lortzen hasten garen. Bai arraunean, baita beste kirol askotan ere, baina arraunean gehienbat, itsaso zabalean egiten direnez estropadak, hor traineru batetik bestera hamar segundo daudenean, askotan hori berdindu egiten da kaleagatik, txandagatik... Eta alde horretatik ere, zorte pixka bat behar da. Dudarik gabe, ezin gara horri begira egon, baina egia da batzuetan dinamika kaskarrago batean hasten zarenean, ez zaizkizula gauzak behar diren bezala ateratzen. Baina pazientzia edukiko dugu, eta burua hotz mantendu. Badakigu zer egin behar dugun ondo joateko, eta horri helduko diogu.

Azken hamar urteetan ligan beti lehen hiru sailkatuen artean amaitu duzue. Aurten gehiago kostatzen ari zaizue. Zergatik dela uste duzu?

Maila ez da horrenbeste aldatu... Agian Urdaibairena bai, aurten oso ondo ari dira. Uste dut gu ari garela egin beharko genukeena baino zertxobait gutxiago egiten, eta neure burua jartzen dut errudun bezala. Hala ere, saiatuko gara eguneroko lan hori berriz ere ondo egiten, eta asteburuko estropadetan islatzen.

Orain arte zein sentipen izan dituzue ontzi barruan?

Denetariko sentsazioak izan ditugu, eta entrenamendu onak egin ditugu, baina orokorrean denok kontziente gara entrenamenduetan aurten baino hobeto ibili izan garela.

Urdaibairen maila igo egin da. Eta gainerako traineruena?

Urdaibai indartsu bat ikusten ari gara, eta urtetik urtera talde hobeagoa osatzen ari dela. Aldaketak eginda ere, iruditzen zait besteen aldean talde hobea duela. Noski, gero hori uretara eraman behar da. Gorka [Aranberri] patroia oso ondo dabil bere lanean. Zierbena erakusten ari da berriz ere gai dela edonorekin lehian jarduteko. Donostiarra ere berdin. Urtetik urtera taldea hobetzen doa, baita bere maila zertxobait hobetzen ere, eta edonorentzat aurkari oso gogorra da. Orio, pixka bat onerako, sorpresa izan da, bereziki zituen aldaketengatik: entrenatzaile berria, arraunlari berriak... Alde horretatik ez da erraza izaten kudeatzea. Gauza arrarorik egin gabe asmatu dute ondo ibiltzen. Oriotarra izanik, eta gainera Mikel [Arostegi] entrenatzailearekin ere hartu-emana oso ona dut, iruditzen zait gauzak behar bezala egin dituztela.

Baten bat ahaztuko zait, baina Getaria, Lekeitio, eta Ondarroa ere dinamika onean daude. Estropada batera edonorentzat aurkari gogorrak dira, eta gainditzeko oso zailak diren traineruak. Gu hor tartean gaude. Uste dut maila txukuna eman dugula eta emango dugula, eta, zuk esan duzun bezala, hiru edo lau aurreneko sailkatuetan izan gara ligan, eta aurten ere gustatuko litzaiguke hor bukatzea.

Urdaibairi eta Zierbenari txanda berean irabaztea zaila da?

Bai, aurkari gogorrak direlako, eta estropadetan bakoitzak egun on bat edukitzen dugulako. Hiruzpalau aurkari izanda aldamenean, denek egun berean huts egitea ez da erraza izaten. Eta zuk ondo asmatuta ere, beraiek ere asmatzen badute, zaila da irabaztea. Baina horretaz kontziente izanda, iruditzen zait lehenengo helburua beraien maila ematea dela.

Etzi herriaren aurrean lehiatuko zarete. Gogotsu?

Gehienbat erakusteko gai garela aurrean dabiltzan traineruekin lehian jarduteko, eta gure jarraitzaileei ere poz bat emateko. Hondarribiko estropada eremua oso polita da, eta ematen du egunak lagunduko duela. Arraun egun polit bat ikusteko aukera izango dugu.