GARA Euskal Herriko egunkaria

Otegi: «78ko Erregimenak lotutakoa deslotzen hasi zaie»

Arnaldo Otegi, NAIZ Irratian, duela hilabete batzuk egindako elkarrizketa batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azken egunetan Katalunian gertatutakoak nabarmen ezaugarritutako agertokian, NAIZ Irratiko mikrofonoetan izan zen atzo EH Bilduko koordinatzaile nagusia den Arnaldo Otegi. Carles Puigdemont itzuli izanari buruz mintzatu zen, baita Salvador Illa president hautatu izanari buruz ere.

EH Bilduk Puigdemontekin harremana baduela gogora ekarri zuen Otegik, eta pozik agertu zen berriz ere Bartzelonan ikustearekin.

Erabakiaren irakurketari dagokionez, ordea, ezer gutxi esan zuen: «Estrategia politiko bati erantzungo dio, baina berak [Puigdemontek] esan beharko du. Logika politiko bat izango du, ados egon edo ez. Baina berak azaldu beharko du».

Errepresaliatutako presidenteak erabilitako jokamoldeari buruz (jende aurrean agertu eta gero, Parlament-era sartu ordez, alde egitea), Otegik ez zuen ezkutatu «pixka bat harritu egin gaituela», baina hau, betiere, «errespetu osoz esanda».

Legebiltzarraren barruan jazotakoari buruz, Salvador Illaren hautaketaren bidez argi du «etapa berri bat ireki dela Katalunian». PSCko buruak bere hitzaldian «Katalunia nazio gisa defendatu zuen, finantzaketa berria aipatu zuen, hizkuntza katalanaren aldeko apustua egin zuen… Ea betetzen duen hori guztia. Baina horren kopia bat Eneko Anduezari pasatzea nahi nuke. Pisu politiko handiko kontuak direla uste dut».

PSCren eta ERCren arteko akordioari garrantzia eman dio EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Izan ere, testuinguru hau antzematen du atzean: «78Ko Erregimenak lotuta utzi zituen hainbat kontu deslotzen ari dira». Ondorioz, Estatu mailako «krisi bati erantzuten diote akordioaren eduki horiek. Lehenengo urratsa zera da, Estatua plurinazionala dela onartu behar dutela, nazioak badirela, hizkuntzak badirela... Hitzez jartzen ari dira orain, eta bide hori esploratu beharko dugu».

Katalunian indar independentisten artean orain dagoen «batasun falta» deitoratu zuen NAIZ Irratian. Eta Euskal Herrira etorriz, hemen burujabetza bultzatzeko harreman nahikoa dela eta «herri honi tresna berriak emateko akordioak» egin daitezkeela ondorioztatu zuen.